mundua zirku bat da astelehen goizetan
astelehen goiz batzuetan behintzat mundua zirku bat dela diot
igande gauean karpa muntatzen hasi baziren ere
pailazo sudurra jantzi diot irratiari piztu bezain laster
eta lehoien letaginek hozka egin didate kafeaz bustiriko gailetan
eta gaileta erdia erori zait kafesnearen ibai zikinean
eta lehoiak egoteaz gain pailazo zapatez jantzitako txiste bat
iruditu zait albistegia
izan ere mundua zirku bat da astelehen goiz batzuetan
eta edonork jaurtitzen ditu labanak begiak estalita
irratian telebistan interneten
eta hatz batean zauritu nau horietako laban batek
eta odol tanta bat erori zait kafesnearen ibai zikinaren barruan
dagoen gaileta erdiaren gainean
eta laban jaurtitzaileak egoteaz gain trapezio huts bat
iruditu zait asteleheneko goiza
salto berberak errepikatzeaz nekatu den trapezistak
irratia itzali eta karpa desmuntatzeari ekin dio
baina ez diote utzi eta salto egitera behartu dute
astelehen astearte asteazken ostegun ostiral goizetan bezala
eta salto egin du eta salto berberak errepikatzeaz nekaturik zegoenez
erori da
erori da odolez zikindutako kafesnearen ibai zikinaren barruan
dagoen gaileta erdiaren gainean
eta zipriztindu dit eguna
zipriztindu dit batez ere goiza
zirku bat iruditzen zaidan goiza
eta zikina sentitu naiz zerrenda garbiez mintzatzen hasi diren une berean
eta pentsatu dut astelehen goizak astearte goizak asteazken goizak
ostegun goizak ostiral goizak larunbat goizak eta igande goizak
zirku bat direla batez ere astelehen goizetan
eta irratiko pailazo sudurrari begira irri egin dut
irri egin dut pailazo zapatak daramatzaten berriketakide horien guztien
txiste txarrekin
eta trapezistak arrazoi zuela iruditu zait
horregatik salbamendu-jaka bota diot kafesnearen ibaira
irratia itzali eta karpa desmuntatzeari ekin diot
astelehen goizero bezala…
goizetako zirkua baino hobeto Berurier Noir taldeak eskaintzen diguna... baietz?
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario