2023/12/29

Txantreako aurkezpena


 Durangokoa eta gero, Txantreako aurkezpena iritsi da. Edo hobe esateko, "ekintza fonikoa". Jai Batzordeak auzoko jai txikien egitarauan sartu gaituzte. 



 Euskalduon Biltokin elkartu gara eta elkartea berehala bete da. Auzokoak, lagunak, lagunen lagunak, lankideak, idazkideak... 




Leirek Biltokiren izenean hitz egin du. Gero, Kakok bere sarrerak egin ditu, eta hainbat anekdota ekarri dizkigu gogora. Barregarria bezain hunkigarria. Ederra. Etxeko giroan. 
Eta tartean, BlekingeKale Banden taldearen eskutik musika. Gorka, Rober eta guk geuk. (Saul falta zitzaigun). Libürügailü baten aurkezpen-ekintza fonikoa izan da, komunitateak edo tribuak (berriro ere) babestuta. Gora zuek! Non hobe? Non hobe auzoan baino?








2023/12/27

Durangon

 2023ko abenduak 9, Durango city. Txantreako espedizioa musikarien aldetik sartu da azokara. Binilo eta kaseteen artean eroso mugitu gara. Eguerdian Plateruenera hurbildu eta jendez gainezka dagoenez, ezin izan gara sartu, eta ilaran geratu gara, ate ondoan. Handik, atetik, ikusi behar izan dugu Leihotikan taldearen kontzertua. 



Arratsaldean Pamielaren standera agertu, Jose Anjel Irigarayrekin elkartu eta Ahotseneara hurbildu gara. Ahotsenean gure aurretik Miren Agur Meabe Itzulerak, bere azken eleberria aurkezten ari da. Gu, gure tribuaren lagun eta familiekin geratu gara atean. 

Jendetza atera da eta gu sartu. Familiak, alabak, argitaletxekoak, handik eta hemendik hurbildutako lagunak eta aurreko aurkezpenetik geratu diren pertsona batzuk ere. 

Gotzon Barandiaran, idazlea, lagun eta Ahotsenearen antolatzaileetako bat agurtu eta "eszenatokira" igo gara: Jose Anjel Irigaray, Kako eta Hirurok. 

Jose Anjelek sarrera orokorra egin du. Kakok palestinako bandera atera eta, kontzertu batean egonen bagina bezala, bere "hiru kanta", hiru anekdota-edo kontatu ditu. Ondoren nik neuk ...eta gauetik, euria liburuaz hitz egin dut. Dena ordu erdi batean konprimituta, baina ederra izan da lagun horien guztien aurpegiak, irribarreak eta konplizitate keinuak ikustea. Ikaragarria. 

Durangon gaude, Ahotseneako eszenatokian, eta literaturaz hizketan ari gara, gure modura beti ere, gure estilora. 


Aurkezpenaren ondoren, Jose Anjelek aipatu dit Pamielako standera joateko, bertan sartzeko eta, gutxienez, presentzia izateko. Hara abiatu gara eta, sartzerakoan, Joseba Sarrionandia eta Jose Mari Agirretxe bertan daudela ohartu naiz. Ilusio handia egin dit haiekin momentu eta espazio hori partekatzea eta argazkia egiteko eskatu diet. Standaren beste aldean nire tribukoak ikusteak ere ilusio handia egin dit: Kako, Leire, Sua eta Kattalin. Xiana, Iria eta Laia. Lontxo. Exprai, eta gainontzekoak. 


Handik gutxira Bernardo Atxaga agertu eta bera ere standera sartu da. Ez dakit ze astroak elkartu diren gaur Durangon, baina ni izarrez inguratuta etorri naiz auzotik eta izarrez inguratuta ikusi dut nire burua, han barruan ere. 



Atxagarekin liburuen trukaketa egin dut. Nik Paradisuaren kanpoko aldeak sinatuta eraman dut, eta berak ...eta gauetik, euria eraman du. Atxaga ederki ongi gogoratzen zen behin Erlea aldizkarirako idatzi nuen narrazio laburraz, eta horretaz ere solastu gara. Ondoren, hainbat liburu sinatu ondoren, alde egin du eta Sarrionandiarekin geratu naiz, Markos Gimenoren liburuaz hizketan, besteak beste. 
Nik hiru liburu sinatu ditut, besterik ez, baina oso tarte atsegina eta bitxia izan da. 



Standetik atera eta Durangoko eurira atera gara, eta tribukoekin batera Gernikaraino joan gara, afari goxo batekin gaua ixteko.... 


Booktrailerra eta aurkezpenerako bideoa




2023/12/06

2023/12/02

Aurkezpen publikoak: Durango eta Txantrea

 


...eta gauetik, euria. Donostiako aurkezpena

 

Azaroak 29, goizean goiz, Donostiako liburutegian ...eta gauetik euria eleberria aurkeztu genuen, Jose Anjel Irigarayrekin solasean. 

"Nire ustez gure letretan oso gutxitan agertu den moduko liburua da"

Esker mila aunitz Jose Anjel!

2023/11/30

Abenduak 1, Ultzamako liburutegian

ABENDUAK 1 DICIEMBRE 

Irakurle klub irekia MENDEKO BORROKAtik …ETA GAUETIK EURIAra 

Larraintzar 18:00 Abenduak 1, ostiralean

Ultzamako irakurle taldean Mendeko borroka nobela irakurri berri dute. Aitzakia horrekin ostiral honetan solastuko gara eta, bide batez, labetik atera berri den ...eta gauetik euria eleberria aurkezteko probestuko dugu.

Topaketa zabalik dago hurbildu nahi duenarentzat. 

 


 

 

 

 

 

 

 

Udalaitz mendira Mendeko borroka eraman zuteneko irudia

2023/11/27

Gitarrak zorroztu genituen euria egin arren 

akordeetan bilatuz askatasuna zenbatean dagoen 

azoka guztietan galdezka betazalak bihotzez josi ditugu 

baina alanbradak gure urratsak moztu ez ezik historia berari 

hesiak jartzeko asmoz herdoildu zituzten askatasuna hitza 

ederra da bai benetakoa izango den galdetzen diot ene buruari 

bihotzen harresiak ihesi doaz maiteminez zaurituak 

eguraldi grisa ez dit axola askatasuna besarkatu ahal izanez gero 

baina zalantzak ditut bizitza zer den konprenitu gabe 

loteria bat izanen balitz bezala gabiltza eta karrika hauek 

atzo guztien koloreak dituzte elkarri besarkatzen genion 

bazter hori lainoak ez ezkutatu arren soy ciudadano del amor 

amodioak nire zainak ez populatu arren gaua heldu da izarrei so eginez 

martí mebhabló de la amistad y creo en él cada día askatasuna zer den ulertu arte bederen 

egunero eta egunsentiaz mozorrotuko nituzke 

nire irribarreak el día del armagedon no quiero estar tras la puerta 

sino soñando bien alerta donde esté a salvo de perdón agian akorde baten ziegan 

ostendu zuten askatasuna eta azoketan letxugak besterik ez dituzte 

saltzen garai hauetan inoiz baino garestiagoak saltzen dira askatasunaren gramoak. 


Gerratearen aztarnak, Pamiela

 

 


2023/11/26

2023/11/25

...eta gauetik, euria nobelari buruzko elkarrizketa Eguzki irratian

 Pasaden ostiralean Eguzki irratiko Pasealekun, primitzian ...eta gauetik, euria nobelari buruzko lehen elkarrizketa.


Ekhiotz handiarekin, Pasealekuko esataria.

Gauetik etorritako ohorezko guardia


2023/11/24

Poema baten bidaia

 Atzo, 2023ko azaroak 23, Nafarroako liburutegi nagusian, Aislinn eta bion arteko elkarrizketa izan genuen, Zerokotan elkarteko lagunen eskutik. Arratsalde atsegina izan zen, rock eta poesiaz hizketan. Oso gustora, portzierto.

 


 

Bukaeran galdera bat egin ziguten, ea zer gertatzen den poema bat kanta bihurtzean, eta nire poema baten bidaia etorri zitzaidan burura. 

German Rodriguez oroitzeko ekitaldietan erabiltzeko poema bat eskatu zidaten eta hauxe idatzi nuen: 


Odola eta sua:

areazko amesgaiztoa

beldurraren munizioan

 

izenik gabeko balak

zigorrik gabeko errudunak

justiziarik gabeko herria

 

odola eta sua:

areazko ekaitza

oroimenaren hilketan

 

izenik gabeko balak

zigorrik gabeko errudunak

justiziarik gabeko herria

 

odola eta sua:

areazko hitzak

isildutako hilketan

 

hilarri debekatuaren balak

zure kopeta zulatzen jarraitzen du oraindik

erori zinen leku berean

 

izenik gabeko balak

zigorrik gabeko errudunak

justiziarik gabeko herria

 

erretinan daramagun

zuri-beltzezko argazki bat zara

bihotzean eramango dugun

krabelin gorri bat zara

eta maite zintuen hiriak

nahi du orain, german,

zure iraultzen irria

zure oroimenaren hilarria

 Handik gutxira Fermin Valenciak eta Mikel Elizagak nire poema musikatuko zutela esan zidaten, beraz, poeman aldaketa batzuk egin behar izan ziren: 


 

Aldaketa txikiak egin eta poemak bere bidaia egin zuen, eta Mikelek eta Ferminek doinu ederra eman zioten. 

Gerora, duela gutxi, kanta bat entzuten ari nintzen eta ohartu nintzen nire letra zela, baina oraingo honetan ska doinuetara eramanda, Skabidean taldearen eskutik. 

Hori bai, talde honek ez dit aipatu ere egin, letraren egile gisa, baina tira, pozik egon naiteke poemaren bidaiak jarraitu egin duelako eta ska doinuetan ere eder entzuten delako. Eta hausnarketa polita iruditu zait egunen batean idatzi diren hitzak nola bidaiatzen duten ikustea. 





2023/11/15

Poesia eta rocka, solasaldia


Zerokotanen lagunen gonbidapena onartu eta sarao honetan arituko gara. Ea zer ateratzen den. 
 

2023/09/27


 

2023/02/11

KomikiBoomen marrazkilari txikiak handi bihurtu ziren!

 Antsoingo Komikiboomen egon ginen, eta txikiak marrazkilari handi bihurtu ziren. Pertsonaia eta lan ederrak sortu zituzten eta primeran pasa genuen. 

Eskerrik asko Antsoain eta hurbildu zineten guztioi!




KASU! Ordu txikitan erosteko salmenta puntu berriak! 

Iruñeko Alde Zaharra: 

- Karrikiri. 
- Katakrak. 
- Abarzuza. 
 
Zabalgunea: 
 
- Chundarata. 

Txantrea: 

- Ezkaba paperdenda. 
- Izadi.
- Zazpi okindegia.
 
Erripagaña: 
 
- La Veleta.

2023/02/06

KomikiBOOM!

Aste honetan KomikiBoomaren laugarren edizioa jarriko da martxan. Ilustrazio sozialaren jardunaldiak dira. 

Irantzu eta biok bertan egongo gara, elkarrekin egin dugun gure lan berriarekin: Ordu txikitan. Ostiralean, otsailak 10, arratsaldeko 6etan tailer bat eginen dugu, pertsonaiak sortzeko eta pertsonaia horiekin mikroistorio bat sortu eta fanzine batera eramateko. Tailerra egiteko gure istoriotxoan oinarritu gara. 

Pertsonaia iletsuak sortuko ditugu eta paperarekin eta errotulagailuekin ere jolastuko gara: irudimena, sormena, marrazketa, eskulanak, jolasa... 

Adin guztietako "haurrak" etor daitezke, familiak ere ongietorriak, baina ideia bat egitearren, adin gomendatua 8-12 urtekoak dira, gutxi gora behera. 

Ordu txikitan album ilustratua da, guk geuk autoeditatua. Bertan gaueko pertsonaiekin bidaiatzen dugu, eta gauarekin batera isiltasuna, lasaitasuna edota iluntasuna, besteak beste, usaintzeko aukera daukagu. Gaur egun subertsio hutsa. Album ilustratu soziala. Horregatik uste genuen Antsoainen egon behar ginela. Horregatik egongo gara. 

Asko poztu ginen bertan egoteko gonbita bidali zigutenean. Gainera, KomikiBoom Iruñeko periferian sortutako ekimen kultural ederra eta interesgarria dela iruditzen zaigu. Urtez urte jarraitu dugu, beraz, plazera da orain bertan ere parte hartzeko aukera izatea. 

Txantreako Brif-braf-brufen ere egon ginen eta esperientzia ederra izan zen. Antsoaingoa ez da gutxiago izango. 

Gure albuma bertan erosteko aukera ere egonen da. 

Bestela ere, gaur egun Txantreako hainbat dendatan eros daiteke, banaketa guk geuk egina: 

- Ezkaba paper denda. 

- Izadi liburu-denda. 

- Zazpi okindegia. 

Eta aste honetan berean ere Iruñeko Aldezaharrera iritsiko da (Karrikiri, Katakrak...). 

Informatzen jarraituko dugu. 

2023ko otsailaren 6a, Gauaren leku ezezagun batetik.