Aste honetan KomikiBoomaren laugarren edizioa jarriko da martxan. Ilustrazio sozialaren jardunaldiak dira.
Irantzu eta biok bertan egongo gara, elkarrekin egin dugun gure lan berriarekin: Ordu txikitan. Ostiralean, otsailak 10, arratsaldeko 6etan tailer bat eginen dugu, pertsonaiak sortzeko eta pertsonaia horiekin mikroistorio bat sortu eta fanzine batera eramateko. Tailerra egiteko gure istoriotxoan oinarritu gara.
Pertsonaia iletsuak sortuko ditugu eta paperarekin eta errotulagailuekin ere jolastuko gara: irudimena, sormena, marrazketa, eskulanak, jolasa...
Adin guztietako "haurrak" etor daitezke, familiak ere ongietorriak, baina ideia bat egitearren, adin gomendatua 8-12 urtekoak dira, gutxi gora behera.
Ordu txikitan album ilustratua da, guk geuk autoeditatua. Bertan gaueko pertsonaiekin bidaiatzen dugu, eta gauarekin batera isiltasuna, lasaitasuna edota iluntasuna, besteak beste, usaintzeko aukera daukagu. Gaur egun subertsio hutsa. Album ilustratu soziala. Horregatik uste genuen Antsoainen egon behar ginela. Horregatik egongo gara.
Asko poztu ginen bertan egoteko gonbita bidali zigutenean. Gainera, KomikiBoom Iruñeko periferian sortutako ekimen kultural ederra eta interesgarria dela iruditzen zaigu. Urtez urte jarraitu dugu, beraz, plazera da orain bertan ere parte hartzeko aukera izatea.
Txantreako Brif-braf-brufen ere egon ginen eta esperientzia ederra izan zen. Antsoaingoa ez da gutxiago izango.
Gure albuma bertan erosteko aukera ere egonen da.
Bestela ere, gaur egun Txantreako hainbat dendatan eros daiteke, banaketa guk geuk egina:
- Ezkaba paper denda.
- Izadi liburu-denda.
- Zazpi okindegia.
Eta aste honetan berean ere Iruñeko Aldezaharrera iritsiko da (Karrikiri, Katakrak...).
Informatzen jarraituko dugu.
2023ko otsailaren 6a, Gauaren leku ezezagun batetik.
No hay comentarios:
Publicar un comentario