2009/11/22



2009/11/07

Liburuaren aurkezpena



Telebista antenetan atsedena hartzen dute txoriek liburuaren aurkezpena eginen dugu hurrengo ostiralean, azaroaren 13an, arratsaldeko 8etan, Txantreako Auzotegi kultur etxean.
Liburu berriaren olerki batzuk errezitatzeaz gain Aitzol Lasaren kantek ere udazkeneko giroa berotuko dute.
Aurreko liburuaren (Gerratearen aztarnak) olerki batzuetan oinarriturik hainbat kanta osatu zituen Aitzolek. Kanta horiek entzuteko parada izanen dugu.
Gonbidatuak zaudete!

Asperdura-arratsalde luzeetan
bizi gara
poesiaren lurraldeetatik at,
iraztontzi baten bidez
irazi egiten dugu
poztasunaren esnegaina
bizitza objektuen
biderketa hutsa dela
pentsatzen dugun bakoitzean,
horregatik
itoarazten ditugu gauak
gure malkoen sokekin
eta horregatik
sinatzen ditugu
bizitzaren konbenioan
egunsenti goibeletara
garamatzaten hitzarmenak ere,
egunen batean
salbatuko gaituen greba
hasiko dugulakoan…