2022/12/27

Ordu txikitan, auzoan salgai!

Gaur, Brif Braf Bruf jaialdiaren barnean "Fanzine iletsuak" tailerra egin dugu, auzoko liburutegian. Liburuzainek primeran zaindu gaituzte, eta 24 txiki Irantzu eta nirekin egon dira. Lehenik eta behin atera berri dugun Ordu txikitan lana erakutsi eta irakurri diegu. (Gure album ilustratuaren aurreaurkezpena-edo izan da). Ondoren pertsonaiak sortu dituzte eta, azkenik, bakoitzak bere pertsonaiekin bere fanzine propioa sortu dute. Ederki pasa dugu! Bihartik aurrera (abenduaren 28tik aurrera), gainera, Ordu txikitan lana auzoko liburu-denda, edo denda txikietan erosi ahalko da. Momentuz bakarrik auzoan: Ezkaba liburu-denda, Zazpi okindegia eta Izadin. Urtarriletik aurrera salmenta puntuak zabalduko ditugu, aurkezpen ofiziala eginen dugu eta tailer gehiago. Bestela ere, Irantzuren webgunearen bidez (Edizio anfibioak) eska daiteke. 15 euroren truke.
Gora gaua! Gora fantasia!

2022/12/08

Ordu txikitan, album ilustratua

Ilunpetan barneko hiria esnatzen da. Gaur, ohera joan ordez, izarretara salto egin nahi dugu, ilargiari ulu egin, gauaren bazterrak zeharkatu. Zer sorpresak aurkituko ditugu itzalen artean? Ordu txikitan Irantzu Piquero eta biok sortutako album ilustratua da. Guk geuk sortua eta guk geuk argitaratua. Ateratzear dago, 2022ko abendu honetan, hain zuzen ere. Bertan, gaua zeharkatu eta gaueko pertsonaiak ezagutu ditugu. Bidaia bat da, hausnartzeko, goxatzeko, gaua hobeto ezagutzeko, argiak pizten diren bitartean. Murgildu eta ezagutu. Edizio anfibioekin argitaratuta.