2009/04/29

agurtuz




agurtuko dugu gure leihotik igarotzen den denbora
eta igarotzean ezagutuko gaitu
baita galdutako denborak
baita okertutako denborak ere
erantzungo digu

agurtuko dugu gure leihotik eta ez da kanta bat izango
bukatutako denbora guztia itzuliko zaigula
baina izango dira begiak
hitzik gabeko gure begi hauek
eta denbora berri bat izango da...

2009/04/28

euriaren agurra



euriaren erritmoak markatu ditu zure urratsak
agurtu zintuen atzo gaueko karriketan
eta guztiz bustirik iritsi zinen etxera
hiriaren tantak zure arropan eraman nahian bezala
beste euri batera
beste hiri batera;
aberria
bustitzen gaituen euria baita...

2009/04/26

biharamuna...



lainotu da biharamuna
eta goiza mugitzen ari da
caffè kikaren erritmora

gaua oraindik sartzen zaigu
hiriaren lurraldeetan
maiatza hurbiltzen ari den
zubiaren bukaera baita

gorriz paseatu ditut
bart egutegiaren orrialdeak
itzala izango naizelako bihar
hiri honetako galtzada-harrietan

goiza hitz egiten hasi da
kafe-etxeetako terraza lainotuetan
eta kikaren soinuak
gogorarazten digu
eternalak ez garela
ezta zubiaren bestaldean ere
baina zutik iraungo du akaso
galtzada-harri hauetan utzitako itzalak
eta gorriz paseatutako
orrialde bakoitzak
zutik
musukatu dugun masail bakoitzean
musikatu dugun besarkada bakoitzean

itzala izango naizelako bihar
hiri honetako galtzada-harrietan...

2009/04/23

Apirilak 25



iritsi da askapena ospatzeko garaia
apirilak 25 Erromako teilatuetara
plazetara karriketara
eta Pignetotik Garbatellara
apaintzen dituzte leihoak
gorriz
Valle Aureliatik Casalbertonera

data ederra da apirilaren 25ekoa
Erroma edo Lisboa bezalako hiriak
elkartzen dituena
denboran eta gertaeretan
iraganeko askapenak ospatzeko garaiak
etorkizunekoak eraikitzen hasteko
iritsi da
askapen berriekin amesteko garaia
Pignetotik Garbatellara,
Valle Aureliatik Casalbertonera
edota Txantreatik Zaramagara,
esaterako,
askapenak auzoz auzo
zatiz zati
eraikitzen baitira...

2009/04/19

vedi Napoli e poi muori...



hitzak agortzen dira izkin batean
karrika urdinez estuturik
bizitzaren laberintoa dira
i quartieri spagnoli
koloreak zaporeak usainak
itsasten zaizkizu azalean
Napoliko goizetan
hemen egunak eta guzti frijitzen dira
koloreak zaporeak usainak
heriotzatik hain gertu bizi den hiria
bizitzaren metafora bat da...
hitzak agortzen dira izkin batean
karrika urdinez estuturik
koloreez zaporeez usainez
liluraturik
Napoliko goizetan
heriotzatik hain gertu bizi den hiria
bizitzaren metafora bat da...
hiltzeko bizi behar baita,
Napolik sobera ongi daki hori
eta bizi bizirik dago...


2009/04/14

Desiren lapurrak






goizak lapurtzen ditu txanponak Fontana di Trevin
Neptuno ari da negarrez
Anita Ekbergen soineko bustiaren gainean
turistek erretratatzeari ekin diote
ura gelditzen den unea da
ura gelditzen den une bakarra alegia
eta zaldiak egarri dira
beste aldera begiratzen dute
negar egin nahi ez dutelako
desiren lapurrak iritsi baitira
eta ur debekatuaren lurraldea profanatu dutelako
Erromako udalaren izenean, akaso
desirak xurgatzen ari dira
goizaren lehendabiziko eguzki izpiekin batera,
desirak lapurtzen ari dira
Neptunoren ezinegonaren aurrean
eta horregatik gu beren arima
lapurtzen saiatzen ari gara
Marcello Mastroianiren izenean, agian
argazki kamera batean eraman nahi ditugu
urrun
desiren lapurrak desagertzen diren zerumugetara
urrun
txanpon batzuen truke
beren arima saldu dutelako
ura gelditzen den une bakarrean
Erromako udalaren izenean
edota soldata baten izenean...

goizeko bederatziak dira
eta txanponez husten ari dira
Fontana di Trevi

(Neptuno negarrez ari zela
iruditu zaigu)

2009/04/09

arrastiria...





iristen ari dira arrastiriak
Tevere inguruko hirira
garabiak gurutzeak
antenak lertxunak
baina ez da istanbul
siluetak zeru berean
margotzen badira ere
apaizek negar egiten dute gorrotoa
turistez beteriko elizetan
eta ur bedeinkatu bakarra da
Teverek dakarrena
edo grappa gogorretan edaten duguna
Garbatella enamoratu gintuen
auzoa da
mapa turistikoetan azaldu ez arren
eta gu periferia bat gara
zentro historikoan bizi bagara ere,
arrastirien auzune periferikoa, alegia...
garabiak gurutzeak
antenak lertxunak
emadazu muxu bat lurrikararen ezpainetan
dardara egin dezagun elkarrekin
bizitzaren eskonbroen gainean
gauaren bidai-saria ordainduko dudalako
zure azalean
Roma izeneko bihotz taupadetan
odola zabalduz
zuregana
izarez eginiko zure periferia guztietara
iritsi nahi dudalako
bihotz taupadez,
arrastiri hau zure gorputza baita
eta hiri hau
zure izena...

2009/04/06




mugitzen diren hormak amesgaizto bat dira gauez
ohea abandonatzen duzun aberria da
banderak eta guzti
eta beldurraren apatrida zara leihotik begiratzean
baina auzokideengan bandera abandonatu berberak
topatzen dituzu
eta bihotza errebelatzen zaizu bularrean
lurrikara bat gertatu dela konfirmatzen dizutenean
aurreko leihotik
eta kalea isilik dago
erabat isilik
gaua besarkatu nahi duzu eta ez dakizu nola
eta gaua da besarkatzen zaituena
nekez lokartzen zara zeren zain jakin gabe
goiza iristeko zain akaso
eta goizak ekartzen dizkizu gosaltzen dituzun albisteak:
lurrikara batek eragindako ehundaka hildako
zauden lekutik 80 kilometrotara,
eta oraindik mugitzen zaizkizun hormak
gaueko amesgaiztoaz oroitzean...

2009/04/05

Grande Raccordo Anulare



Erroma inguratzen duen errepideari grande raccordo anulareri
eskainitako kanta...
nahiko "erromatarra"...
dibertigarria behintzat bada...
booooooooooo

2009/04/04

Kea

berriro ere ke boteak;
Iruñetik Bastiara
irekitzen ditugu
egutegiaren orrialdeak
gazte baten aurpegian,
Mikel Iribarren
edota Xavier Orsini
izan liteke,
aurrean dagoen polizia
polizia bera baldin bada ere
frantziarra ala espainarra
baina polizia bera betiere
bost metro nahiko dira
buru baten ametsak
koman uzteko
Bastiatik Iruñera
zabaltzen diren ametsak
hiri setiatuetan
desalanbratzen ditugun
borrokak
Mikel Iribarren edota
Xavier Orsini
Bastia edo
Iruñea, esaterako...






Asteartean egin zen ikasle protestaldi batean, 14 urteko gazte bat oso larri zauritu zuen Poliziak
Jazarpena aski! izango da Bastian (Korsika) gaur egitekoa duten manifestazioaren leloa. Hiru ikasle sindikatuk, ikasle gurasoen APL elkarteak, STC langile sindikatuak, Sulidarita batasunak eta Corsica Libera alderdi independentistak antolatu dute.

Antolatzaileek salatu nahi dute Poliziak izandako jarrera bortitza Yvan Colonnari bizi osorako kartzela zigorra jarri izana salatzeko Korsikan eginiko protestaldietan. Zehazki, ikasle independentistek asteartean Bastian egin zuten elkarretaratzean, 14 urteko gazte bat oso larri zauritu zuen lehergailu negarrarazle batek. Hobera egin duela jakinarazi du familiak.

2009/04/03

R A B



Buongiorno, goiza, esaten diozu egunari
oraindik tabernako pertsianak ireki ez dituztenean
usoak uxatzen dituzu eskuaz
eta betazalek pisatzen dute erabat
B A R
aldrebes irakurtzen dituzun hitzak dira
itzalen presentzia nabaritzen hasi den une berean
eguzkiak jotzen dizu buruan
eta itzuliko zinateke izaren erresumetara
burukoa besarkatu behar duzun printzesa balitz bezala
baina hitzak erortzen zaizkizu goizaren gainera
eta hankaz gora uzten dizute maindireak
kaleratu behar dituzu gaua logurea eta begizuloak
atarira atera eta gotik alderantziz irakurri dituzun hitzak begiratu
R A B
B A R
eta edozein leihotik ikusi dezaketen itzala bihurtzen zara

2009/04/01

Le passanti





zabaldu hiria zure oinen azpian
kale bakoitza arnastuz,
olerki periferikoak
zoruan idatziz
txanpon batzuen truke,
auzo galduek
bustiko dizute azala
izerdi tantetan,
gorputzak azalak
begiradak usainduz
metroko erakusketetan,
iparorratza gauez hartzen duzun
autobus bat da
hiriko iparralderantz doana,
atzean utziko dituzu bakardadeak
ponte cavour pasatzean
eta leihotik
leiho zikinatik
abiadura handiz
atzera doazen emakumeak ikusiko dituzu
laino koloretsuetan ezabatzen diren gizonak
atzean utziko dituzu balkoitik dastatzen diren bakardadeak
eta olerki periferikoak edango dituzu ardoz gau bustietan
azal bustietan gorputz bustietan
txanpon batzuen truke
ponte cavour pasatzean
leihotik begiratzean
etxera iristean
hiriko gaua zeharkatu duzun lurraldea
bihurtu denean...