2023/02/11

KomikiBoomen marrazkilari txikiak handi bihurtu ziren!

 Antsoingo Komikiboomen egon ginen, eta txikiak marrazkilari handi bihurtu ziren. Pertsonaia eta lan ederrak sortu zituzten eta primeran pasa genuen. 

Eskerrik asko Antsoain eta hurbildu zineten guztioi!




KASU! Ordu txikitan erosteko salmenta puntu berriak! 

Iruñeko Alde Zaharra: 

- Karrikiri. 
- Katakrak. 
- Abarzuza. 
 
Zabalgunea: 
 
- Chundarata. 

Txantrea: 

- Ezkaba paperdenda. 
- Izadi.
- Zazpi okindegia.
 
Erripagaña: 
 
- La Veleta.

2023/02/06

KomikiBOOM!

Aste honetan KomikiBoomaren laugarren edizioa jarriko da martxan. Ilustrazio sozialaren jardunaldiak dira. 

Irantzu eta biok bertan egongo gara, elkarrekin egin dugun gure lan berriarekin: Ordu txikitan. Ostiralean, otsailak 10, arratsaldeko 6etan tailer bat eginen dugu, pertsonaiak sortzeko eta pertsonaia horiekin mikroistorio bat sortu eta fanzine batera eramateko. Tailerra egiteko gure istoriotxoan oinarritu gara. 

Pertsonaia iletsuak sortuko ditugu eta paperarekin eta errotulagailuekin ere jolastuko gara: irudimena, sormena, marrazketa, eskulanak, jolasa... 

Adin guztietako "haurrak" etor daitezke, familiak ere ongietorriak, baina ideia bat egitearren, adin gomendatua 8-12 urtekoak dira, gutxi gora behera. 

Ordu txikitan album ilustratua da, guk geuk autoeditatua. Bertan gaueko pertsonaiekin bidaiatzen dugu, eta gauarekin batera isiltasuna, lasaitasuna edota iluntasuna, besteak beste, usaintzeko aukera daukagu. Gaur egun subertsio hutsa. Album ilustratu soziala. Horregatik uste genuen Antsoainen egon behar ginela. Horregatik egongo gara. 

Asko poztu ginen bertan egoteko gonbita bidali zigutenean. Gainera, KomikiBoom Iruñeko periferian sortutako ekimen kultural ederra eta interesgarria dela iruditzen zaigu. Urtez urte jarraitu dugu, beraz, plazera da orain bertan ere parte hartzeko aukera izatea. 

Txantreako Brif-braf-brufen ere egon ginen eta esperientzia ederra izan zen. Antsoaingoa ez da gutxiago izango. 

Gure albuma bertan erosteko aukera ere egonen da. 

Bestela ere, gaur egun Txantreako hainbat dendatan eros daiteke, banaketa guk geuk egina: 

- Ezkaba paper denda. 

- Izadi liburu-denda. 

- Zazpi okindegia. 

Eta aste honetan berean ere Iruñeko Aldezaharrera iritsiko da (Karrikiri, Katakrak...). 

Informatzen jarraituko dugu. 

2023ko otsailaren 6a, Gauaren leku ezezagun batetik.

2022/12/27

Ordu txikitan, auzoan salgai!

Gaur, Brif Braf Bruf jaialdiaren barnean "Fanzine iletsuak" tailerra egin dugu, auzoko liburutegian. Liburuzainek primeran zaindu gaituzte, eta 24 txiki Irantzu eta nirekin egon dira. Lehenik eta behin atera berri dugun Ordu txikitan lana erakutsi eta irakurri diegu. (Gure album ilustratuaren aurreaurkezpena-edo izan da). Ondoren pertsonaiak sortu dituzte eta, azkenik, bakoitzak bere pertsonaiekin bere fanzine propioa sortu dute. Ederki pasa dugu! Bihartik aurrera (abenduaren 28tik aurrera), gainera, Ordu txikitan lana auzoko liburu-denda, edo denda txikietan erosi ahalko da. Momentuz bakarrik auzoan: Ezkaba liburu-denda, Zazpi okindegia eta Izadin. Urtarriletik aurrera salmenta puntuak zabalduko ditugu, aurkezpen ofiziala eginen dugu eta tailer gehiago. Bestela ere, Irantzuren webgunearen bidez (Edizio anfibioak) eska daiteke. 15 euroren truke.
Gora gaua! Gora fantasia!

2022/12/08

Ordu txikitan, album ilustratua

Ilunpetan barneko hiria esnatzen da. Gaur, ohera joan ordez, izarretara salto egin nahi dugu, ilargiari ulu egin, gauaren bazterrak zeharkatu. Zer sorpresak aurkituko ditugu itzalen artean? Ordu txikitan Irantzu Piquero eta biok sortutako album ilustratua da. Guk geuk sortua eta guk geuk argitaratua. Ateratzear dago, 2022ko abendu honetan, hain zuzen ere. Bertan, gaua zeharkatu eta gaueko pertsonaiak ezagutu ditugu. Bidaia bat da, hausnartzeko, goxatzeko, gaua hobeto ezagutzeko, argiak pizten diren bitartean. Murgildu eta ezagutu. Edizio anfibioekin argitaratuta.

2022/01/30

euSkLAM POETRY saioa


 

BIKOTEKA

 Astebete eman dut Galtzagorri elkarteak antolatutako Bikoteka tailerrean murgilduta. Helburua: euskarazko album ilustratuak sortzea eta, horretarako, idazleak eta ilustratzaileak elkarlanean jarri. 

Bertan ibili gara 16 pertsona, 16 sortzaile (8 idazle eta 8 ilustratzaile) Maite Mutuberria eta Iñigo Astitzen laguntzarekin, astebete, 8 orduz egunero, Iruñeko Condestable jauregiko gela batean. Giro ederrean aritu gara lanean. Eta hemendik aurrera bertan landutako proiektuak  bukatu behar, baina esperientzia, berez, ederra izan da. 



Nik, gainera, zorte handia izan dut, nire proiektua nire aspaldiko lagunmina den Irantzu Piquerorekin aurkeztu, landu eta orain garatu beharko baitugu. Plazer handia benetan.