2022/12/27

Ordu txikitan, auzoan salgai!

Gaur, Brif Braf Bruf jaialdiaren barnean "Fanzine iletsuak" tailerra egin dugu, auzoko liburutegian. Liburuzainek primeran zaindu gaituzte, eta 24 txiki Irantzu eta nirekin egon dira. Lehenik eta behin atera berri dugun Ordu txikitan lana erakutsi eta irakurri diegu. (Gure album ilustratuaren aurreaurkezpena-edo izan da). Ondoren pertsonaiak sortu dituzte eta, azkenik, bakoitzak bere pertsonaiekin bere fanzine propioa sortu dute. Ederki pasa dugu! Bihartik aurrera (abenduaren 28tik aurrera), gainera, Ordu txikitan lana auzoko liburu-denda, edo denda txikietan erosi ahalko da. Momentuz bakarrik auzoan: Ezkaba liburu-denda, Zazpi okindegia eta Izadin. Urtarriletik aurrera salmenta puntuak zabalduko ditugu, aurkezpen ofiziala eginen dugu eta tailer gehiago. Bestela ere, Irantzuren webgunearen bidez (Edizio anfibioak) eska daiteke. 15 euroren truke.
Gora gaua! Gora fantasia!

2022/12/08

Ordu txikitan, album ilustratua

Ilunpetan barneko hiria esnatzen da. Gaur, ohera joan ordez, izarretara salto egin nahi dugu, ilargiari ulu egin, gauaren bazterrak zeharkatu. Zer sorpresak aurkituko ditugu itzalen artean? Ordu txikitan Irantzu Piquero eta biok sortutako album ilustratua da. Guk geuk sortua eta guk geuk argitaratua. Ateratzear dago, 2022ko abendu honetan, hain zuzen ere. Bertan, gaua zeharkatu eta gaueko pertsonaiak ezagutu ditugu. Bidaia bat da, hausnartzeko, goxatzeko, gaua hobeto ezagutzeko, argiak pizten diren bitartean. Murgildu eta ezagutu. Edizio anfibioekin argitaratuta.

2022/01/30

euSkLAM POETRY saioa


 

BIKOTEKA

 Astebete eman dut Galtzagorri elkarteak antolatutako Bikoteka tailerrean murgilduta. Helburua: euskarazko album ilustratuak sortzea eta, horretarako, idazleak eta ilustratzaileak elkarlanean jarri. 

Bertan ibili gara 16 pertsona, 16 sortzaile (8 idazle eta 8 ilustratzaile) Maite Mutuberria eta Iñigo Astitzen laguntzarekin, astebete, 8 orduz egunero, Iruñeko Condestable jauregiko gela batean. Giro ederrean aritu gara lanean. Eta hemendik aurrera bertan landutako proiektuak  bukatu behar, baina esperientzia, berez, ederra izan da. 



Nik, gainera, zorte handia izan dut, nire proiektua nire aspaldiko lagunmina den Irantzu Piquerorekin aurkeztu, landu eta orain garatu beharko baitugu. Plazer handia benetan. 



basurde zurien zain II

Eta zer da Basurde zurien zain? Itxaronaldia da, esperantzarako itxaronaldia, hain zuzen ere. Atzera kontu bat ere bada, azken bi urte hauetako errealitatea ere islatu nahi duena, poematizatu, soinu banda baten laguntzarekin beti ere. 

Hona hemen poemario honen lagin txiki bat: 


BI


Gainetik soilik izarak.

Gaur kantuan nauzu: orain bat gara. 


Ibil bedi


zarata bat entzun da hor 

errepidea bukatzen den amildegian

eta esperantzaz zeharkatu ditugu 

korridoreak liburuak laztanak


zarata bat entzun da hor nonbait

bizikleta astunekin 

salto egiten genuen mendixketan eta 

tupustean doministiku batek leherrarazi du munduaren ordena 

hegan atera dira tximeletak matxinsaltoak egutegietako egunak eta 

astearte bat iltzatu zaigu biriketan 

abendua eta urtarrilaren artean

etxe eroriak asfalto izoztuak hautsezko bideak eta

janari-hondarrak kontserba-latetan ustelduta 

ustez helduta


korridore baten bukaeratik 

negu luze batek egarriz begiratzen digu

eta gu izara baten barnean dardarka 

endredatzen diren gorputzak besterik ez gara

kantu bat imintzio bat 

bihar bat eztarrian korapilatuta


zarata bat entzun da eta, lipar batez, 

hegan atera dira

marigorringoak ilargiak eta etxe aurreko soroetan likaz harrapatzen saiatzen ginen txolarreak


gure biluztasunetik, halere, 

neguak inguratzera goaz

ihes egin ez dezaten eta zaratak izoztu ditzaten


belaunetakoz babestu ditzagun gauak 

eguzki izpiak gari soroak 

belaunetakoz babestu

zeharkatzen gaituzten garai ezberdinen belaunak eta

bular azpiko bihotzak

babestu

batez ere

bular azpiko bihotzak

batez ere


 basurde zurien zain

FERTXU IZQUIERDO

Dibujo en blanco y negro

Descripción generada automáticamente con confianza baja

Basurde zurien zain

 2021eko abenduaren bukaeran Basurde zurien zain poemarioa argitaratu nuen. Zerokotan elkarteak argitaratu du, ekimen berezi batean, nire poemarioa beste hiru olerkarien lanekin batera saltzen baita. Bitxia da, kasu honetan, beste poemarioak gazteleraz direla eta nirea euskaraz. Pack osoa "bilduma zero" izenarekin saltzen da eta momentuz behintzat Iruñeko San Nikolas kaleko Objeterian eta kale nagusiko Katakraken salgai daude edota, jakina, hemendik aurrera egingo ditugun aurkezpen ezberdinetan. 

HEMEN irakur daiteke aurkezpen eguneko informazioa. 






Hurrengo aurkezpena 2022ko otsailaren 10ean izango da, Txantreako liburutegian, arratsaldeko 18:30etan.