Eta zer da Basurde zurien zain? Itxaronaldia da, esperantzarako itxaronaldia, hain zuzen ere. Atzera kontu bat ere bada, azken bi urte hauetako errealitatea ere islatu nahi duena, poematizatu, soinu banda baten laguntzarekin beti ere.
Hona hemen poemario honen lagin txiki bat:
BI
Gainetik soilik izarak.
Gaur kantuan nauzu: orain bat gara.
Ibil bedi
zarata bat entzun da hor
errepidea bukatzen den amildegian
eta esperantzaz zeharkatu ditugu
korridoreak liburuak laztanak
zarata bat entzun da hor nonbait
bizikleta astunekin
salto egiten genuen mendixketan eta
tupustean doministiku batek leherrarazi du munduaren ordena
hegan atera dira tximeletak matxinsaltoak egutegietako egunak eta
astearte bat iltzatu zaigu biriketan
abendua eta urtarrilaren artean
etxe eroriak asfalto izoztuak hautsezko bideak eta
janari-hondarrak kontserba-latetan ustelduta
ustez helduta
korridore baten bukaeratik
negu luze batek egarriz begiratzen digu
eta gu izara baten barnean dardarka
endredatzen diren gorputzak besterik ez gara
kantu bat imintzio bat
bihar bat eztarrian korapilatuta
zarata bat entzun da eta, lipar batez,
hegan atera dira
marigorringoak ilargiak eta etxe aurreko soroetan likaz harrapatzen saiatzen ginen txolarreak
gure biluztasunetik, halere,
neguak inguratzera goaz
ihes egin ez dezaten eta zaratak izoztu ditzaten
belaunetakoz babestu ditzagun gauak
eguzki izpiak gari soroak
belaunetakoz babestu
zeharkatzen gaituzten garai ezberdinen belaunak eta
bular azpiko bihotzak
babestu
batez ere
bular azpiko bihotzak
batez ere
basurde zurien zain
FERTXU IZQUIERDO
No hay comentarios:
Publicar un comentario