2014/12/26

Irantzuteka

Korsario beltzaren alaba iruditu zitzaidan dena utzi (lana, etxea, lagunak, familia...) eta itsasontzi batean nabigatzera joanen zela erran zidanean... Irantzu, Korsario beltzaren alaba.
Hala erran zidan Bartzelonan izandako hizketaldi batean, terraza baten lasaitasunean, garagardo baten aparra dastatzen ari ginela. Eta Emilio Salgari bat irudikatu nuen nire lagunminaren begietan edo, hobeto erranda, Sandokan bat. Batek daki.
Kosta egin zitzaidan sinistea, baina handik hilabete batzuetara auzotik agertu zen Irantzu, kutxa bat liburuz beteta zekarrela, niretzat hautatuak, haren liburutegi pertsonaletik. Liburu sorta ederra. Osvaldo Soriano, Roberto Bolaño, Daniel Chavarria, Rolo Díez, Paco Ignacio Taibo II... eta nola ez, Emilio Salgariren Korsario beltza. Niretzat zirela erran zidan. Eta hunkiturik utzi ninduen. Liburu haiek guztiak Irantzuren zati bat zirela ongi bainekien. Herentzian uzten zizkidanak. Ardura handia iruditu zitzaidan, baina onartu nizkion, jakina. Eta niretzat zirela erran arren, txoko berezi bat egin nien etxeko apalategietan, Irantzuteka izendatu nuena. Eta laguna abiatu zen itsasorantz, Boston aldean. Eta irudikatzen dut zapi batekin buruan eta, akaso, partxe batekin begian. Eta harro sentitu nintzen, Korsario beltzaren alabaren laguna nintzelako, lagun mina. Eta nire irlan altxor preziatuenetariko bat gorde niolako. Eta jakin banekien, egunen batean itzuliko zela, ron garratz bat hartuko genuela eta altxorraren kutxa ireki eta paper zaharraren usaina barneratuko genuela...

2014/12/04

Lurrean etzanda

Ruperren disko berri bat, Lurrean etzanda. Plazer berri bat.

... goizak argitara ematen du gauaren egia... 



Eta 2015ko urtarrilak 30 Gayarrera hurbilduko zaigu

2014/11/30

LIBURU BAT ADOPTATU!



Auzotegiko liburutegi xume baina duinari bultzada berri bat eman nahi diogu, liburu berriak lortu, eta nobedadeekin gure liburu-familia handitu, edozein erabiltzailearen, bizilagunaren gozamenerako, zure gozamenerako azken batean.

Baina beti bezala dirua dugu oztoporik nagusiena, diruz larri gabiltza eta liburu berriak erosteari ezin diogu ekin. Eta horrela izanda, gure liburu-familia ezin dugu handitu, noski.Beraz, lagundu nahi diguzu?

Oraingo honetan modu ezberdin batez laguntzeko proposamena luzatu nahi dizugu: ez dizugu dirua eskatu nahi, liburu bat baizik, liburu berri bat, hain zuzen ere, nobedaderen bat-edo.

Hau da: liburu bat adoptatu! Auzotegitik pasa, izenburu ezberdinak ikusi, gurekin hitz egin eta… nahi duzun liburua gure liburutegian uzteko erosi!

Hortik aurrera bizitza berria emanen diozu zure seme-alaba adoptatu berriari, maileguan eskainiko baitugu zentroan, eskuz esku ibiltzeko, etxez etxe, etengabeko erasmus batean bizi izango balitz bezalaxe eta zuk, jakina, liburu horren lehen mailegua izateko ohorea izanen duzu, eta nahi dituzun aldi guztietan hementxe izanen duzu, zure bisitaren zain, eta, batez ere, zure etxean espazioa okupatu gabe. Zer gehiago nahi duzu? 


2014/11/24

La fuga de Logan


Liburu zaharren denda horietako batean sartu, paper irakurriaren usaina arnastu eta, prezio merkean, altxor txikiak edota altxor bitxiak topatzeko aukera ugari dago.
La fuga de Logan. Bi euro. Gauari tartetxoren bat lapurtzeko liburu egokia.

 Zergatik La fuga de Logan?
Txikitako oroitzapenen artean, hor nonbait, La fuga de Logan izeneko filma iltzaturik geratu zitzaidan.
Oroitzen naiz film hark harritu ninduela eta esan daiteke zientzia fikzioarekiko zaletasuna piztu zidala, Star wars saga ezagutu baino lehen, era xumeago batean, gainera.

Orain, distantziak ongi neurtu behar dira, jakina, eta ordudanik ez dut berriro film hura ikusi.
Beldur naiz eta momentuz behintzat uste dut ez nagoela prest. Ez nago prest nire oroitzapen hura izorratzeko, ez horixe. Halere, jakin badakit, egunen batean tentazioari ezin eutsi eta berriro ikusi egin beharko dudala.


 Baina bitartean liburua erori da nire eskuetan. Bi euroren truke. Filma ikusi bai, baina liburua ez nuen bere garaian irakurri, beraz, egun hauetan irakurtzeari ekin diot.
Filma egiteko orduan eleberri honetan oinarritu ziren (nahiz eta lizentzia ugari hartu), beraz, kuriositate handia neukan.
Distopia horietako bat da, planteamendu interesgarria egiten diguna: 
etorkizuneko gizarte batean mundua gainpopulatua dago eta hori kontrolatzeko 21 urte besterik ezin da bizi.
 21 urte betetzean hiltzen dute jendea, oso era zibilizatuan, herriak onartuta, ulertuta. Beraz, boluntarioki doaz hiltzera, lo sakonera.
Baina batzuek, noski, ez dute onartuko eta ihes egiten saiatuko dira, Santuario bila, leku mitiko bat non jendea (iheslariak) askoz urte gehiago biziko da... Edo hori esaten dute.
Baina bijilanteak adi daude, iheslariak jarraitu eta hiltzeko. Sistemak iraun behar du eta ezin dira iheslariak onartu. Eta Logan, gure Logan, bijilante, madero horietako bat da...



Eleberriak bere akatsak ditu, jakina. Pertsonaiak oso oso planoak dira. Haien buruetatik pasatzen dena ez dugu apenas ezagutzen eta pena bat da, zeren eta horrek irrikan uzten gaitu.
Landu gabeko aukera ugari geratu dira bidean.

Eszena batzuk oso sinpleak dira, oso azalekoak. Baina istorioa eta planteamendua interesgarri samar egin zaizkit. Eta erresoluzioa, bukaera, ere ona iruditu zait.

Abenturatxo bat, besterik ez da La fuga Logan. B serieko entretenimendua, usain zaharra duen eleberri bat, distopia posible horietako bat. Zientzia fikzio modernoaren aitzindari izan daitekeen lana.

Eta gainera, eseraldi batean irakur daiteke. Hamar atal labur. Atzetik aurrera zenbatuta.

Ni gustora geratu naiz. Agian orain bai,  agian orain filma berriro ikusteko prest nago.
Serie ere egin omen zuten eta, adi! diotenaren arabera, remake bat ari dira prestatzen! Ai, ai, ai... Eutsi Logan, eutsi!!!!