2023/11/24

Poema baten bidaia

 Atzo, 2023ko azaroak 23, Nafarroako liburutegi nagusian, Aislinn eta bion arteko elkarrizketa izan genuen, Zerokotan elkarteko lagunen eskutik. Arratsalde atsegina izan zen, rock eta poesiaz hizketan. Oso gustora, portzierto.

 


 

Bukaeran galdera bat egin ziguten, ea zer gertatzen den poema bat kanta bihurtzean, eta nire poema baten bidaia etorri zitzaidan burura. 

German Rodriguez oroitzeko ekitaldietan erabiltzeko poema bat eskatu zidaten eta hauxe idatzi nuen: 


Odola eta sua:

areazko amesgaiztoa

beldurraren munizioan

 

izenik gabeko balak

zigorrik gabeko errudunak

justiziarik gabeko herria

 

odola eta sua:

areazko ekaitza

oroimenaren hilketan

 

izenik gabeko balak

zigorrik gabeko errudunak

justiziarik gabeko herria

 

odola eta sua:

areazko hitzak

isildutako hilketan

 

hilarri debekatuaren balak

zure kopeta zulatzen jarraitzen du oraindik

erori zinen leku berean

 

izenik gabeko balak

zigorrik gabeko errudunak

justiziarik gabeko herria

 

erretinan daramagun

zuri-beltzezko argazki bat zara

bihotzean eramango dugun

krabelin gorri bat zara

eta maite zintuen hiriak

nahi du orain, german,

zure iraultzen irria

zure oroimenaren hilarria

 Handik gutxira Fermin Valenciak eta Mikel Elizagak nire poema musikatuko zutela esan zidaten, beraz, poeman aldaketa batzuk egin behar izan ziren: 


 

Aldaketa txikiak egin eta poemak bere bidaia egin zuen, eta Mikelek eta Ferminek doinu ederra eman zioten. 

Gerora, duela gutxi, kanta bat entzuten ari nintzen eta ohartu nintzen nire letra zela, baina oraingo honetan ska doinuetara eramanda, Skabidean taldearen eskutik. 

Hori bai, talde honek ez dit aipatu ere egin, letraren egile gisa, baina tira, pozik egon naiteke poemaren bidaiak jarraitu egin duelako eta ska doinuetan ere eder entzuten delako. Eta hausnarketa polita iruditu zait egunen batean idatzi diren hitzak nola bidaiatzen duten ikustea. 





No hay comentarios: