2009/02/19

estatu kolpeak



Salvador Allenderen argazkian
bildumatuak ditut estatu kolpe guztiak
eta Argentinak min egiten dit
ozeano zabalean botatako gorpuetan
Grezian desfilatzen dute harro
gure torturatzaileen koronelek
atzokoak eta gaurkoak
pobreziaren ogi-papurrak
banatzen dituzte Nikaraguako kolpistek
Somozaren itzalpean
eta Batistak tirokatzen gaitu
Habanako gau beroan

Bai, Salvador Allenderen argazkian
bildumatuak ditut estatu kolpe guztiak
baita estatuek eman dizkiguten kolpe guztiak ere
eta espetxeratutako poeta turkiarrak
odolusten zaizkit eskumuturretan
San Salvadorren erakusleiho apurtu bat dira
gure esperantzen sinfoniak

iraganeko eta etorkizuneko estatu kolpe guztiei
kolpeka erantzuten saiatzen gara
era horretan, jasotako kolpe guztiekiko zorra
kitatu nahian bezala
argazkian Salvador Allende
disparatzen ikusi genuelako
estatu kolpeei aurre egiteko
bidea erakutsiko baligu bezala
bai,
estatu kolpe guztiak bildumatuak ditudan argazkian
Salvador Allendek tiro egiten dio gure kontzientziari



Eguzki irratiko Il treno 5 irratsaiorako prestatutako kolaborazioa

No hay comentarios: