2009/01/16

Gaza

margotu gabeko koadro bat da Gaza
Picassoren pertsonaia desitxuratuetan
ezabatzen ari dena

alanbre herdoildu bat da
lepoan daramadan palestinoa
haur palestinarren odolaz
inguratzen nauena

eta orain Gazako zerrenda
da bekain ondoan daramadan orbaina

eraikin erori bat dira nire begiak
hondakinen hareaz lehortu direnak

horregatik malkoz baino gorrotoz
errezatzen diegu gorpu eroriei
eta olerkiz baino kasam misilez
idatzi nahi genioke hiri setiatuari

halere negar egiten dugu mekari begira
eta ikus gaitzaten estaltzen gara
zapi alanbratuekin

badakizu behin Gazako zerrenda
margotu nuela zure begietako marran
eta iruditu zitzaidan ongi geratzen zela
hiri arabiarra zure begien azpian
ederra zeunden
Gazako karrika biziak bezain ederra
Gazako auzoetatik jaurtiriko kasam misilak bezain ederra

horregatik malkoz baino gorrotoz
errezatzen diegu gorpu eroriei
eta olerkiz baino kasam misilez
idatzi nahi genioke hiri setiatuari

ederra delako hiri arabiarra zure begietako marran
kasam misilen kolorekoa baldin bada ere




Txileko estatu kolpearen harira Santiago de Chile izeneko kanta idatzi zuen Silvio Rodriguezek aspaldi... Izenburua aldatu, Santiago de Chile ordez Gaza jarri eta hiri palestinarraz mintzatzen ari dela dirudi...
Egoera ikusita, Silviok dioen moduan "el deseo de cambiar cada cuerda por un saco de balas"...

1 comentario:

Anónimo dijo...

Oso ona olerkia!!!