2010/01/12



2009/11/22



2009/11/07

Liburuaren aurkezpena



Telebista antenetan atsedena hartzen dute txoriek liburuaren aurkezpena eginen dugu hurrengo ostiralean, azaroaren 13an, arratsaldeko 8etan, Txantreako Auzotegi kultur etxean.
Liburu berriaren olerki batzuk errezitatzeaz gain Aitzol Lasaren kantek ere udazkeneko giroa berotuko dute.
Aurreko liburuaren (Gerratearen aztarnak) olerki batzuetan oinarriturik hainbat kanta osatu zituen Aitzolek. Kanta horiek entzuteko parada izanen dugu.
Gonbidatuak zaudete!

Asperdura-arratsalde luzeetan
bizi gara
poesiaren lurraldeetatik at,
iraztontzi baten bidez
irazi egiten dugu
poztasunaren esnegaina
bizitza objektuen
biderketa hutsa dela
pentsatzen dugun bakoitzean,
horregatik
itoarazten ditugu gauak
gure malkoen sokekin
eta horregatik
sinatzen ditugu
bizitzaren konbenioan
egunsenti goibeletara
garamatzaten hitzarmenak ere,
egunen batean
salbatuko gaituen greba
hasiko dugulakoan…

2009/10/31



Pospolo kutxa domino efektuaz izekitzen da
pospolo bat bestearen atzean
lehenengoa izekitzean
eta atzamarren artean gordetzen dugu azken pospoloa
erre diren egunen esperantza gordeko genukeen bezala...

2009/10/09



Goizeko lehen ordutik gaueko azkeneraino eramaten gaituen bidaia izan nahi du liburu honek, hiriko paisaian paratzen diren hitzak, industria poligonoetako poesiak, hiria ulertzeko modu bat.

Eguneko lau une gogoeta egiteko. Goiza, eguerdia, arratsaldea eta gaua paisaia urbano barruan, inguruan gertatzen denaz hausnartzeko, telebista-antenak txoriez beterik daudela ohartzeko, esaterako, edota goiztiria gogorra bezain ederra dela ondorioztatzeko.

2009/08/18

Telebista-antenetan...



Irailean argitaratuko du Alberdaniak Telebista-antenetan atsedena hartzen duten txoriek izeneko poesia-liburua...

"(...)baina teilatuek nostalgia zapore hordigarria daramate
txoriek su-etena aldarrikatzen duten unean
eta telebista antenek
mehatxu egiten diete gau-tantei
etxebizitzetan egunaren katabuta
lixatzen ari diren bizkitartean..."

2009/07/05


Odola eta sua:
areazko amesgaiztoa
beldurraren munizioan

izenik gabeko balak
zigorrik gabeko errudunak
justiziarik gabeko herria

odola eta sua:
areazko ekaitza
oroimenaren hilketan

izenik gabeko balak
zigorrik gabeko errudunak
justiziarik gabeko herria

odola eta sua:
areazko hitzak
isildutako hilketan

hilarri debekatuaren balak
zure kopeta zulatzen jarraitzen du oraindik
erori zinen leku berean

izenik gabeko balak
zigorrik gabeko errudunak
justiziarik gabeko herria

erretinan daramagun
zuri-beltzezko argazki bat zara
bihotzean eramango dugun
krabelin gorri bat
eta maite zenuen hiriak
nahi du orain, german,
zure iraultzen irria
zure oroimenaren hilarria