2009/03/29

Diabolik



Borgo Piotik Cinecittàraino joateko metroa hartu behar duzu
badakizu 45 minutu behintzat hor barruan egonen zarela
lurraren erraietan hiria zeharkatuz
auzo batetik bestera
Ottavianotik Lamarora
45 minutu azpimunduan
metroan sartu aurretik kiosko bat ikusten duzu zure aurrean
egunkariez aldizkariez komikiez beterikoa
egunkariek zeharo formato handia daukate
metroan eramateko nahiko deserosoa
aldizkari interesgarriak ez dituzu ikusten
eta komikiei erreparatzen diezu
horien artean hiru dira fenomeno sozialak:
Tex, Dylan Dog eta Diabolik.
Aspaldi argitaratzen dituzten bildumak,
jarraitzaile ugari dituztenak.
Diabolik hautatzen duzu, formato txikiena duelako,
metroan irakurtzeko edota patrikan eramateko erosoena.
Eta metrora sartzean Diaboliken munduan ere sartzen zara.
Legez kanpoko lapurra da Diabolik,
polizia eta estatua behin eta berriro izorratzen dituena.
Eta arestian esan bezala, jarraitzaile ugari dauzka.
Errebelde bat da Diabolik, polizien hiltzaile bat
lapur bat, metropoliaren gaizkile-heroi anonimo horietako bat.
Light garai hauetan jendeak behar duen heroia, agian.
Horregatik gustatu zaigu.
Horregatik sartu gara fenomeno sozial honen barruan.
Metroan arinago bidaiatzeko eta beti legez kanpoko lagunak
maitatu ditugulako...

No hay comentarios: