2023/12/29

Txantreako aurkezpena


 Durangokoa eta gero, Txantreako aurkezpena iritsi da. Edo hobe esateko, "ekintza fonikoa". Jai Batzordeak auzoko jai txikien egitarauan sartu gaituzte. 



 Euskalduon Biltokin elkartu gara eta elkartea berehala bete da. Auzokoak, lagunak, lagunen lagunak, lankideak, idazkideak... 




Leirek Biltokiren izenean hitz egin du. Gero, Kakok bere sarrerak egin ditu, eta hainbat anekdota ekarri dizkigu gogora. Barregarria bezain hunkigarria. Ederra. Etxeko giroan. 
Eta tartean, BlekingeKale Banden taldearen eskutik musika. Gorka, Rober eta guk geuk. (Saul falta zitzaigun). Libürügailü baten aurkezpen-ekintza fonikoa izan da, komunitateak edo tribuak (berriro ere) babestuta. Gora zuek! Non hobe? Non hobe auzoan baino?








2023/12/27

Durangon

 2023ko abenduak 9, Durango city. Txantreako espedizioa musikarien aldetik sartu da azokara. Binilo eta kaseteen artean eroso mugitu gara. Eguerdian Plateruenera hurbildu eta jendez gainezka dagoenez, ezin izan gara sartu, eta ilaran geratu gara, ate ondoan. Handik, atetik, ikusi behar izan dugu Leihotikan taldearen kontzertua. 



Arratsaldean Pamielaren standera agertu, Jose Anjel Irigarayrekin elkartu eta Ahotseneara hurbildu gara. Ahotsenean gure aurretik Miren Agur Meabe Itzulerak, bere azken eleberria aurkezten ari da. Gu, gure tribuaren lagun eta familiekin geratu gara atean. 

Jendetza atera da eta gu sartu. Familiak, alabak, argitaletxekoak, handik eta hemendik hurbildutako lagunak eta aurreko aurkezpenetik geratu diren pertsona batzuk ere. 

Gotzon Barandiaran, idazlea, lagun eta Ahotsenearen antolatzaileetako bat agurtu eta "eszenatokira" igo gara: Jose Anjel Irigaray, Kako eta Hirurok. 

Jose Anjelek sarrera orokorra egin du. Kakok palestinako bandera atera eta, kontzertu batean egonen bagina bezala, bere "hiru kanta", hiru anekdota-edo kontatu ditu. Ondoren nik neuk ...eta gauetik, euria liburuaz hitz egin dut. Dena ordu erdi batean konprimituta, baina ederra izan da lagun horien guztien aurpegiak, irribarreak eta konplizitate keinuak ikustea. Ikaragarria. 

Durangon gaude, Ahotseneako eszenatokian, eta literaturaz hizketan ari gara, gure modura beti ere, gure estilora. 


Aurkezpenaren ondoren, Jose Anjelek aipatu dit Pamielako standera joateko, bertan sartzeko eta, gutxienez, presentzia izateko. Hara abiatu gara eta, sartzerakoan, Joseba Sarrionandia eta Jose Mari Agirretxe bertan daudela ohartu naiz. Ilusio handia egin dit haiekin momentu eta espazio hori partekatzea eta argazkia egiteko eskatu diet. Standaren beste aldean nire tribukoak ikusteak ere ilusio handia egin dit: Kako, Leire, Sua eta Kattalin. Xiana, Iria eta Laia. Lontxo. Exprai, eta gainontzekoak. 


Handik gutxira Bernardo Atxaga agertu eta bera ere standera sartu da. Ez dakit ze astroak elkartu diren gaur Durangon, baina ni izarrez inguratuta etorri naiz auzotik eta izarrez inguratuta ikusi dut nire burua, han barruan ere. 



Atxagarekin liburuen trukaketa egin dut. Nik Paradisuaren kanpoko aldeak sinatuta eraman dut, eta berak ...eta gauetik, euria eraman du. Atxaga ederki ongi gogoratzen zen behin Erlea aldizkarirako idatzi nuen narrazio laburraz, eta horretaz ere solastu gara. Ondoren, hainbat liburu sinatu ondoren, alde egin du eta Sarrionandiarekin geratu naiz, Markos Gimenoren liburuaz hizketan, besteak beste. 
Nik hiru liburu sinatu ditut, besterik ez, baina oso tarte atsegina eta bitxia izan da. 



Standetik atera eta Durangoko eurira atera gara, eta tribukoekin batera Gernikaraino joan gara, afari goxo batekin gaua ixteko.... 


Booktrailerra eta aurkezpenerako bideoa




2023/12/06

2023/12/02

Aurkezpen publikoak: Durango eta Txantrea

 


...eta gauetik, euria. Donostiako aurkezpena

 

Azaroak 29, goizean goiz, Donostiako liburutegian ...eta gauetik euria eleberria aurkeztu genuen, Jose Anjel Irigarayrekin solasean. 

"Nire ustez gure letretan oso gutxitan agertu den moduko liburua da"

Esker mila aunitz Jose Anjel!