2009/01/29

Gorputzen musika



amodioa eginez zabaltzen da gorputzen poetika
erritmoa sortzen da gerrien dantzan
eta maitaleek banatzen diete musika sorta bat auzokideei
malguki herdoildu bat dira intziriak
alfonbra zikin bat aldaken kolpeak
eta josten dira azalak biolontzeloren margolanaz
ari dira, bai, larrua jotzen beheko pisuan…

2009/01/28

Tina Modotti



Artaburu bihotzez
hornitzen dira
kartutxo-uhalak,
txerpolarien abileziaz
gerrilla gerrak
daramatzagu
basoko erraietara;

gustukoa dut
Tina Modottiren objektibotik
ikusten den mundua



Tina Modottiren inguruko bibliografia interesgarria:

- Tinísima. Elena Poniatowska. Era argitaletxea.
- La obra de Tina Modotti. Pino Cacucci. Océano argitaletxea.
- Tina Modotti. Christiane Barkhausen-Canale. Txalaparta argitaletxea.

Eta bereziki gomendatzen dizuet komiki hau:

- Modotti: una mujer del siglo XX. Ángel de la Calle. Sinsentido argitaletxea.

2009/01/27

Muhammad Ali

Aingura ukabilkadetan
K.O.ak bidaiatuz,
eskularruetan jositako matxinada beltzek
vietcong errespetatuz,

soken artean giltzaperatua,
ringetatik erbesteratua,

azken boxeo konbatea da
heriotzaren kontrakoa,
Muhammad,
borroka askotariko militantea




2009/01/26

Jazz...

Aste hasiera gris honetan, jazz pixka bat Joakin Balentzia eta Julio Cortazarren eskuetatik. A! eta poema irakurtzeko Chet Bakerren laguntza...



Jazz pixka bat

Keith Jarrett-ek iratzarri nau hondarrean
astelehen madarikatu honetan;
jazz maisu ilun eta argi horren
nota oldartsu, samur, amaigabeak
sumatu, antzeman ditut
bere deabruzko pianoan
ezkuturiko asmo amestuen antzera
egunsenti lainotsu honetan;
laiari laiotz ahaztua naiz
egun berria hasi baino lehen,
oroitzapenak, zenbait oroitzapen soilik
suspertu, berreskuratu nahian;
gaueko kontzientzian
hil dira hainbeste mamu more,
hainbeste bizipen unatu
eta atzoko hainbeste kezka jasanezin;
loaldi bikaina izan dut, bihotza,
baina arturratzen duenean
ez dakit nola biziko dudan
gaurko asaldura berria
eta borrokan nago nire buruarekin:
izan ala ez izan,
hil ala akabatu,
gogoratu ala atzendu,
barkatu ala gorrotatu,
dena dela maitatzea da hori guztia
edo bizirautea ere
aste hasiera nazkante honetan,
non munstro familiarrak,
errugabe, ankerki,
barkamenik gabe berpizten diren,
eta ez dakit oso ziur
non nagoen, zer naizen
ala zer izan nahi dudan
arturratzen ari duen tenorean,
biktima ala asasinoa,
maitatzailea ala maitatua,
adiskidea ala arerioa,
zanpatua ala zanpatzailea,
emakumea ala gizona,
edo pixka bat denetarikoa;
hondarrean, oraintxe bertan
sortzen ari den
haur jaioberria naiz, laztana,
jazz musika berezi horren arabera,
beti bizitzen, hiltzen,
bizkortzen, amatatzen,
alaitzen, tristatzen den hori
behar izan dut gaur ernatzeko.

Joakin Balentzia Tirapu



Eta helbide honetatik jaitsi dezakezue Balentziaren poesia liburua:

http://www.librezale.org/media/joakinba-egunetako-aparra.pdf

2009/01/23

Eleniren eskuak

I. ELENIREN ESKUAK

Egunen batean iristen dira Eleniren eskuak
Dena aldatzen da.
Lehenik eta behin Istanbul poesiatik ateratzen da eta bere lekua hartzen du
Haur batek irri egiten du lehen aldiz
Zuhaitz bat loratzen da.

Eleni aurretik
Ni haur bat nintzen oraindik ez nengoen tabakoari emana, ezta kafeari ere oraindik
Oraindik ez nituen goizak ezagutzen ezta gauak ere
Egunen batean gaua ikusi nuen nire eskuetan nire begietan
Egunen batean goizarekin alde guztietatik

Eleni dator
Mundua dakusat
Mundua ez da ematen duen bezain txikia egun horretan ohartzen naiz
Ez gaude ematen duen bezain triste munduan
Egun horretan diot poema guztiak erre behar dira eta berridatzi berriro
Brise Marine berriro ere
Berriro ere Annabel Lee.
Eleni eta biok ulertzen dugu
Zergatik zeru honek behea jo zuen besterik gabe
Zergatik itsasoa aireratu zen ulertzen dugu.

Egunen baten iristen dira Eleniren eskuak
Kale batetik itsasoa ikusten da lehen aldiz.

Ilhan Berk
(Poeta turkiarra)

2009/01/21

Mendeko borroka



Badira bi hilabete argitaratu zela Mendeko borroka eleberri.
Goiko irudian Pamielako standa Durangoko azokan. Eta hemen azpian eleberriaren lehendabiziko kapitulua:
-------------------------------------------------------------------------------------

I.Cappuccino

Hiriko zaratak esnarazi zuen Giovanni. Motel mugitu zen
ohean. Gorputz osoa minberaturik zeukan. Goizero bezala.
Azken gerrak utzitako orbainetan odolusten zen partisano
zaharraren memoria. Ia hiru hamarkada pasatu arren, oinaze
berbera sentitzen zuen goizero. Eta urteek eragindako begi sartuekin
begiratzen zuen goiza.

Moby Dick, mesanotxean zeukan liburu potoloa, orrialde
markatutik zabaldu eta Town-Ho irakurri zuen. Balea zuria berriro
dator, pentsatu eta Town-Ho errepikatu zuen ahots ozenez.
Liburua utzi eta mugimendu motelekin altxatu zuen gorputz
zaharkitua. Ohe ertzean eserita geratu zen une batez.
Kanpoko zarata gero eta nabarmenagoa zen. Eskuak gibelera
eramanik, arnasa sakon hartu eta ohetik altxatu zen. Komunean
sartu-atera bat egin ondoren jantzi zen. Betiko arropa.
Panazko galtzak, alkandora zuria eta jaka marroia. Jakaren poltsikoak
arakatu, zigarro-kaxa hartu eta bat piztu zuen. «Settimoren
tabernara gosaltzera joateko prest nago orain», pentsatu
zuen. Eta eskaileretara atera zen etxea atzean utzirik.

Buongiorno Giovanni, agurtu zuen Settimok, nola esnatu
gara gaur? Atzo bezain gaizki, erantzun zion Giovannik. Jarriko
al didazu cappuccino bat?, eskatu zuen. Balea zuria dator,
Settimo, orain ziur nago, esan zion tabernariari.
Berriro ere kontu horrekin?, esan zion Settimok. Zaharkituta zaude,
Giovanni eta, nire ustez, gehiegi irakurtzen duzu. Zure gerrak aspaldi
bukatu ziren, eta faxistak kanporatu genituen alemaniarrekin
batera... Oker zaude, eten zion Giovannik, oso gizon atsegina
zara Settimo eta estimu handian zaitut, horregatik jakinaren
gainean jarri nahi zaitut; hiri honetan gauza ugari gertatuko
da. Laster gainera.

Cappuccinoa zerbitzatzen zuen bitartean, Settimok maitekiro
begiratu zuen agurea eta erantzun zion: ni tabernari hutsa
naiz, Giovanni, gaztea naiz, ez dakit deus munduaz eta, zu ez
bezala, ni ez nintzen borrokatu azken gerra handian, baina,
baina... balea zuria datorrela diozunean orduan bai ez dudala
tutik ere ulertzen!

Giovannik azken zupada eman zion zigarroari, cappuccinoa
hartu eta, zurrutada ezti batez, aparra zaporeztatu zuen. Soilik
orduan galdetu zuen: ez al duzu Moby Dick irakurri? Adanen
garaietatik hona, balea zuriaren konkorrean bildu egin dira gizakion
zorigaitz guzti-guztiak. Ahab kapitainak ez zuen lortu
balea hiltzea. Ez zuen lortu gaizkiarekin akabatzea. Eta orain,
berriro dator eta guri egokitu zaigu Ahab kapitainaren lana
bukatzea... Kafeari azken zurrutada eman, ordaindu, beste zigarro
bat piztu eta, taberna abandonatu zuen, begirada zerumugan
galdua...

-------------------------------------------------------------------------------------

Hemen Iñigo Astizek Berrian argitaratutako informazioa:


70eko hamarkadako Erroman kokatu du Fertxu Izquierdok bere lehen eleberria, zinema eta errealitatea lotuz

1972an heldu zen Bruce Lee Erromara, bere hirugarren filma zen The Way of the Dragon grabatzera. Chuck Norris borrokalari estatubatuarraren eta Leeren Koliseo aurreko norgehiagokarekin bukatzen da filma, borroka arteen zaleek mendeko borroka deitzen dutenarekin, eta hori hartu du Fertxu Izquierdok Pamiela argitaletxearekin atera duen bere lehen eleberriaren izenburutzat: Mendeko borroka (Assalto a Roma).

Ez da hori liburuan kontatzen den borroka bakarra, ordea, beste gatazka bat azaltzeko erabiltzen baita Leeren eta Norrisen artekoa: Italian 70eko hamarkadan izandakoa, hain zuzen ere: «faxismotik datorren gizarte baten eta gizarte justuago baten alde lanean dabilen jendearen arteko borroka». Boterea lortzera hel zitekeen alderdi komunista Italian (PCI), Izquierdoren iritziz, «estoldetako borrokengatik» izan ez balitz, eta gertaera horiek hartu nahi izan ditut abiapuntutzat.

Iruñea Hiria bekari esker idatzi ahal izan du Izquierdok liburua, eta laguntza horri esker joan da Erromara ere. Hilabete egin zuen han, kokapenak zehaztu, eta istorioa borobiltzen. «Erroma gustuko nuen, eta erakargarria iruditzen zitzaidan han trama bat kokatzea, eta sinpatikoa egiten zitzaidan gertaera serioak film horren inguruan lotzea». Pamiela argitaletxeko Pello Eltzaburuk liburuaren aurkezpenean azaldu duenez, «kontakizunaren alde guztietan ageri da Erroma».

Erroma erreala, eta zinematografikoa. Zinema eta errealitatea, fantasia eta historia etengabe elkar gurutzatzen baitira Izquierdoren eleberrian.

Felliniren filmei eginiko keinuak, italiar kantagintza, gertakari historikoak, literatura, kantagintza... eta gastronomia hori guztia bilduz, mahaiaren edo Italiako jakiren baten inguruan garatzen baitira kontakizun guztiak. Hori da eleberriaren egitura ere, menu moduko bat, atalez atal; Antipasto, Primo Piatto, Secondo Piatto eta Contono.

Pertsonaia askoren bitartez garatzen da kontakizuna, bestalde, eta, horregatik, eleberri «korala» dela azaldu du Iñaki Azkona Iruñeko euskara teknikariak liburuaren aurkezpenean. Errealak dira haietako batzuk, asmatuak besteak.

Bruce Lee, Chuck Norris, eta Nora Miao aktoreez gainera, Junio Valerio Borghese militar eta faxista, Giuseppe Pinelli anarkista, Carla Capponi Italiako Alderdi Komunistako (PCI) kidea dira horietako batzuk. Moby Dick eleberriarekin obsesionatutako Giovanni Mucci izeneko pertsonaia asmatua da, ordea, partisano zaharren eta 70eko hamarkadako borrokak lotzen dituena.

Ekintza nagusi

Euskaraz gehiegi landu ez den genero baten barruan kokatzen du Mendeko borroka Azkonak; eleberri beltzarenean. Berezitasunak berezitasun, halere, « eleberri historiko» eta «fantastiko» gisa ere deskribatzez gainera, «akzio eleberri» gisa ere deskribatu baitu, gertaera batetik bestera egiten saltoka dabilelako etengabe istorioa.

Abiada biziz, gainera. 231 orri, eta 85 kontakizun, lau orritik beherakoak gehienak. «Eszena labur eta ugariak dira», azaldu du Azkonak, «eta oso espazio gutxirekin giro oso baten berri eman behar dutenak, horregatik, zertzelada inpresionistak dira kasik, irakurlea etengabe irudietara daramatenak».

Liburu «berezia» eta «sorpresaz betea» dela azaldu du Pello Eltzaburu Pamiela argitaletxeko kideak. «Baita atipikoa ere, guretzat, eta, horregatik, berezitasun hori azaletik hasita agertzea erabaki genuen, diseinuarekin saileko liburuen estiloarekin hautsiz».

-------------------------------------------------------------------------------------

Eta azkenik, kuriositate moduan, frikiak zaretenontzat edota denbora galtzeko aukera duzuenontzat, bideo bat, The way of the dragon filmaren azken irudiak, liburuan agertzen den Bruce Leeren eta Chuck Norrisen arteko borroka Koliseoan, "mendeko borroka" delako hori:



Beste egunen batean gehiago...

2009/01/20

Bizitza gehiago nahi dut




Bizitza gehiago nahi dut zu aurkitzeko, erbeste gehiago.
Nire bihotza arina balitz, erle bakoitzaren gainera jaurtiko nuke.

Bihotz gehiago nahi dut palmondo baten enborrera iritsi ahal izateko,
eta nire bizitza nirea balitz, ausentziaren kristalaren atzean itxarongo nizuke.

Kanta gehiago nahi dut miloi bat eramateko eta ateak
jaimak bailiran altxatu aberrirantz eta esaldi batean bizi.

Dama gehiago nahi dut azken musua ezagutzeko
eta lehendabiziko heriotza ederra hodeien ardoaz bustitako aizto baten gainean.

Bizitza gehiago nahi dut nire bihotzak beretarrak ezagutu ditzala
eta itzuli ahal izateko lurraren ordu batera.

Mahmud Darwish
(Erbestean zendutako poeta palestinarra)

2009/01/18

Bi olerki, bi kanta

Gerratearen aztarnak liburutik bi olerki hautatu eta bi kanta egin zituen Aitzol Lasak.
Hemen doaz, beraz, nire olerkiak alde batetik eta Aitzolen kantak bestetik:

Hiria ari du
eurian,
zer inporta
egun hauetako sargoriak
zure adatsen
udaberri ezkutuak
asasinatu
baldin baditu
eta nik
kobertura
galdu baldin badut
alde zaharreko
kale grisen barrenean,
hiripean
euriaren karriketan
zure udaberri ezkutuekin
lotzen ninduen
kobertura galdurik,
zer inporta udaberria,
zer hiria,
zer sargoria,
zer euria...



Oraindik idatzi ez diren gutunak
zabalik dagoen aterkiaren azpian
lerro bustietan aurkituak izan dira

musuak kantutan dabiltza

porlanaz itxita dauden metroko irteerak
tetrabriken erresuma beltzetan
apatiaren armadak inguratuak izan dira

musuak kantutan dabiltza

kausa galduen geografia gara
malkoen aterki zulatuetan
isuritako poema bustiak besterik ez

musuak kantutan dabiltza

zenbait ezpainen egunsentietan
eta no time for love da
greba malenkoniatsuetan
ezpaineratuko nizukeen abestia.



Zuen pantailaren eskuinaldean Gerratearen aztarnak liburuarekiko lotura duzue...

2009/01/16

Gaza

margotu gabeko koadro bat da Gaza
Picassoren pertsonaia desitxuratuetan
ezabatzen ari dena

alanbre herdoildu bat da
lepoan daramadan palestinoa
haur palestinarren odolaz
inguratzen nauena

eta orain Gazako zerrenda
da bekain ondoan daramadan orbaina

eraikin erori bat dira nire begiak
hondakinen hareaz lehortu direnak

horregatik malkoz baino gorrotoz
errezatzen diegu gorpu eroriei
eta olerkiz baino kasam misilez
idatzi nahi genioke hiri setiatuari

halere negar egiten dugu mekari begira
eta ikus gaitzaten estaltzen gara
zapi alanbratuekin

badakizu behin Gazako zerrenda
margotu nuela zure begietako marran
eta iruditu zitzaidan ongi geratzen zela
hiri arabiarra zure begien azpian
ederra zeunden
Gazako karrika biziak bezain ederra
Gazako auzoetatik jaurtiriko kasam misilak bezain ederra

horregatik malkoz baino gorrotoz
errezatzen diegu gorpu eroriei
eta olerkiz baino kasam misilez
idatzi nahi genioke hiri setiatuari

ederra delako hiri arabiarra zure begietako marran
kasam misilen kolorekoa baldin bada ere




Txileko estatu kolpearen harira Santiago de Chile izeneko kanta idatzi zuen Silvio Rodriguezek aspaldi... Izenburua aldatu, Santiago de Chile ordez Gaza jarri eta hiri palestinarraz mintzatzen ari dela dirudi...
Egoera ikusita, Silviok dioen moduan "el deseo de cambiar cada cuerda por un saco de balas"...

2009/01/15

Tregoarik ez!

Tregoa-tranpa aldarrikatu zuen Banda Batxokik iazko ekainetik aurrera. Eta ordudanik ez dute jo, abenduan Erroman egin zuten kontzertua kenduta.
Baina tregoa-tranparen iragarpenarekin batera horretaz ere jakinaren gainean jarri gintuzten: autodefentsarako eskubidea zutela.
Eta Erroman eskubide hori erabili zuten.
Hurrengo larunbatean Gasteizen egonen dira. AHTren kontrako kontzertuan. Eta ez dakigu ea tregoa hautsita dagoen ala berriro autodefentsarako eskubidea erabiltzen ari diren.
Dakiguna da ia ziur "neguko data bakarra" izanen dela kontzertu hori. La Banda ikusteko aukera paregabea.
Eta adi egon patateroak: desafinatuz baldin bada ere Gasteiz dantzan jarriko dutela ohartarazi digute. (Eta lehen eskutik dakigu hori).
Giroa ez da faltako, beraz, Siberia-Gasteizen. Badakizue; goizean obretara martxa. Eguerdian; herri bazkaria eta arratsalde gauean; kontzertuak... AHTrik ez!



Eta hemen azpian larunbateko kontzertuaren aurrerapen txiki bat:



Ez, orain benetan, Erroman errodatutako bideoa:



Aupa La Banda! (Que me suenan de algo y no se de qué...)

2009/01/14

kanta bat...



Hotza egiten du egun hauetan Fergradon.
Leihoak itxi arren izotza nabari da kaleko autoen kristaletan.
Eta izotza astiro-astiro urtzen da eguna epeldu ahala.
Eta kristaletatik behera irrist egiten dute tantek,
malkoak bailiran.
Horrek kanta malenkoniatsuak entzuteko parada ematen digu behintzat.
Esanahi asko duten kantak, hain zuzen ere. Martin Larralde.
Ruperrek ederki ongi musikatutako Joseba Sarrionandiaren testua.
Ederki ongi. Kanpoan hotza egin arren. Malkoak kristaletatik behera
irrist egin arren.
Kantak girotzen digu negua...



Larre berdeak, etxe zuri teila gorriak,
jendarme auto bat
bidean bildots artean pasatzen.
etxe elizetan otoitzak,
betiko otoitzak neguko kearen antzera
lehun igotzen.
Martin Larralde ez da sekula itzuli,
baina itzuli balitz
(arantzak barrurantza itzuliak lituzkeen
sagarroia bezala)...
Itzuli izan balitz, zer? Gaur igandea da,
larre berdeak,
etxe zuri teila gorriak, jendarme autoa bidean
Bayonne 17 panopetik.
Jendea familia erretratuetan bezala
larritasuneraino
perfumaturiko arima erakutsiz doa mezara.
Inork ere ez du
(dena ohitura, dena errua, dena barkamena)
oroimenaren
korapiloa deslotzen. Inork ez du
koblakaririk behar...

Martin Larralde honelako egun batez hil zen
galeretan,
begiak zabalik etzanda, agian zerua
itsaso zikin bat dela esanez


Joseba Sarrionandia


MARTIN LARRALDE, "Bordaxuri", Hazparneko zapataria (1782-1821)


1809 urtean ama hil zaien Martin eta bere bi anai-arreberi.
Ondorioz, Martin galeretara igorri zuten.
Orduan idatzi zuen Galerianoaren kantuak olerkia:
bere historia kontatzen zuen bertsu autobiografiko hauetan,
molde bortitz eta lazgarrian, bere ahaidekilako erresumina agertuz.
Rocheforteko itsasgizonen eritegian hil zen 1821ean.
Bere bertsu gutti iritsi dira guregana zoritxarrez.


Mila zortziehun 'ta hamabortzgarrena
Ni Hazparnen preso hartu nindutena ;
Plumagaineko premu orok dakitena,
Galeretan higatu beharko naizena.

Kantatzera niazu alegera gabe,
Ez baitut probetxurik trixtaturik ere ;
Nehun deusik ebatsi, gizonik hil gabe,
Sekulakotz galerak enetako dire.

Ala zorigaitzeko premu izaitea !
Harek eman baiteraut betikotz kaltea ;
Aitari galdeginik sortzeko partea,
Galeretan eman nau, hauxe duk dotea !

Ene aita da gizon kontsideratua,
Semea galeretan du segurtatua ;
Nonahi otoitzean belaunikatua,
Saindu iduri debru madarikatua !

Ene lehenkusia, Kadet Bordaxuri,
Fagore bat banuke galdatzeko zuri ;
Ongi adreza zaite ene arrebari,
Ene saltzeko zonbat ukan duen sari.

Egunetako aparra, liburuaren aurkezpena

Hurrengo ostiralean, hilak 16, Joakin Balentziak, poeta txantrerrak Egunetako aparra bere liburu berria aurkeztuko du, Euskaldunon Biltokin http://www.ebiltoki.org/ , arratsaldeko 7.30etan. Hantxe egonen gara gu, eta zuek ere gonbidatuak zaudete, jakina.




Eta lerro hauen azpian, Joakinen baimenarekin bere liburuaren aurrerapen txiki bat...

Egunetako aparra ez da oraindik akitzen
eta bada denbora dantzatzeko
maitasuna egin baino lehen,
bada garaia haizeari xuxurlatzeko
bizirik irauten dugun bitartean
ez diogula kantatzeari utziko
eztarria urratzeraino
bizitzarekin erronka handia dugulako;
egunen zerrenda
oraingoz ez da bukatzen,
gaur behintzat,
orduan, profita dezagun
emandako aukerak gozatzeko
bihar agian beranduegi izanen baita;
egin ditzagun, ordea, ohiko gauzak
azken aldia balitz bezala
ganoraz, zorionez, askatasunez,
etorkizunaren seme-alabak baikara
eta biharamunean esnatzean
itxaroten dugu berriz hastea
egunetako aparra dastatu nahian

Txantrea errepublika poetikoa! Aupa Jokin!

Idatziz

Idatziz sortu naiz eta idatziz nahi bizi,
idatziz igortzen ditut nik penak ihesi;
idatziz izan dudana zerbait irabazi,
idatziz gostura ditut guziak iretsi;
idatziz ez duta beraz hiltzea merezi?
Idatziz eman izan dut zonbeiten berriak,
idatziz atseginekin erranez egiak;
idatziz egin baititut usu afruntuiak,
idatziz aitortzen ditut nere bekatuiak,
idatziz eginen ditut nik penitentziak.
Idatziz ehortz nezate, hiltzen naizenian,
idatziz ene lagunek harturik airian;
idatziz ariko zaizkit lurrean sartzian;
idatziz frango utziko diotet munduan,
idatziz har diten bethi nitaz orhoitzian.
Mikel Laboa "in memorian"
Kantuz eta idatziz betiko