2009/01/26

Jazz...

Aste hasiera gris honetan, jazz pixka bat Joakin Balentzia eta Julio Cortazarren eskuetatik. A! eta poema irakurtzeko Chet Bakerren laguntza...



Jazz pixka bat

Keith Jarrett-ek iratzarri nau hondarrean
astelehen madarikatu honetan;
jazz maisu ilun eta argi horren
nota oldartsu, samur, amaigabeak
sumatu, antzeman ditut
bere deabruzko pianoan
ezkuturiko asmo amestuen antzera
egunsenti lainotsu honetan;
laiari laiotz ahaztua naiz
egun berria hasi baino lehen,
oroitzapenak, zenbait oroitzapen soilik
suspertu, berreskuratu nahian;
gaueko kontzientzian
hil dira hainbeste mamu more,
hainbeste bizipen unatu
eta atzoko hainbeste kezka jasanezin;
loaldi bikaina izan dut, bihotza,
baina arturratzen duenean
ez dakit nola biziko dudan
gaurko asaldura berria
eta borrokan nago nire buruarekin:
izan ala ez izan,
hil ala akabatu,
gogoratu ala atzendu,
barkatu ala gorrotatu,
dena dela maitatzea da hori guztia
edo bizirautea ere
aste hasiera nazkante honetan,
non munstro familiarrak,
errugabe, ankerki,
barkamenik gabe berpizten diren,
eta ez dakit oso ziur
non nagoen, zer naizen
ala zer izan nahi dudan
arturratzen ari duen tenorean,
biktima ala asasinoa,
maitatzailea ala maitatua,
adiskidea ala arerioa,
zanpatua ala zanpatzailea,
emakumea ala gizona,
edo pixka bat denetarikoa;
hondarrean, oraintxe bertan
sortzen ari den
haur jaioberria naiz, laztana,
jazz musika berezi horren arabera,
beti bizitzen, hiltzen,
bizkortzen, amatatzen,
alaitzen, tristatzen den hori
behar izan dut gaur ernatzeko.

Joakin Balentzia Tirapu



Eta helbide honetatik jaitsi dezakezue Balentziaren poesia liburua:

http://www.librezale.org/media/joakinba-egunetako-aparra.pdf

No hay comentarios: