2009/01/21

Mendeko borroka



Badira bi hilabete argitaratu zela Mendeko borroka eleberri.
Goiko irudian Pamielako standa Durangoko azokan. Eta hemen azpian eleberriaren lehendabiziko kapitulua:
-------------------------------------------------------------------------------------

I.Cappuccino

Hiriko zaratak esnarazi zuen Giovanni. Motel mugitu zen
ohean. Gorputz osoa minberaturik zeukan. Goizero bezala.
Azken gerrak utzitako orbainetan odolusten zen partisano
zaharraren memoria. Ia hiru hamarkada pasatu arren, oinaze
berbera sentitzen zuen goizero. Eta urteek eragindako begi sartuekin
begiratzen zuen goiza.

Moby Dick, mesanotxean zeukan liburu potoloa, orrialde
markatutik zabaldu eta Town-Ho irakurri zuen. Balea zuria berriro
dator, pentsatu eta Town-Ho errepikatu zuen ahots ozenez.
Liburua utzi eta mugimendu motelekin altxatu zuen gorputz
zaharkitua. Ohe ertzean eserita geratu zen une batez.
Kanpoko zarata gero eta nabarmenagoa zen. Eskuak gibelera
eramanik, arnasa sakon hartu eta ohetik altxatu zen. Komunean
sartu-atera bat egin ondoren jantzi zen. Betiko arropa.
Panazko galtzak, alkandora zuria eta jaka marroia. Jakaren poltsikoak
arakatu, zigarro-kaxa hartu eta bat piztu zuen. «Settimoren
tabernara gosaltzera joateko prest nago orain», pentsatu
zuen. Eta eskaileretara atera zen etxea atzean utzirik.

Buongiorno Giovanni, agurtu zuen Settimok, nola esnatu
gara gaur? Atzo bezain gaizki, erantzun zion Giovannik. Jarriko
al didazu cappuccino bat?, eskatu zuen. Balea zuria dator,
Settimo, orain ziur nago, esan zion tabernariari.
Berriro ere kontu horrekin?, esan zion Settimok. Zaharkituta zaude,
Giovanni eta, nire ustez, gehiegi irakurtzen duzu. Zure gerrak aspaldi
bukatu ziren, eta faxistak kanporatu genituen alemaniarrekin
batera... Oker zaude, eten zion Giovannik, oso gizon atsegina
zara Settimo eta estimu handian zaitut, horregatik jakinaren
gainean jarri nahi zaitut; hiri honetan gauza ugari gertatuko
da. Laster gainera.

Cappuccinoa zerbitzatzen zuen bitartean, Settimok maitekiro
begiratu zuen agurea eta erantzun zion: ni tabernari hutsa
naiz, Giovanni, gaztea naiz, ez dakit deus munduaz eta, zu ez
bezala, ni ez nintzen borrokatu azken gerra handian, baina,
baina... balea zuria datorrela diozunean orduan bai ez dudala
tutik ere ulertzen!

Giovannik azken zupada eman zion zigarroari, cappuccinoa
hartu eta, zurrutada ezti batez, aparra zaporeztatu zuen. Soilik
orduan galdetu zuen: ez al duzu Moby Dick irakurri? Adanen
garaietatik hona, balea zuriaren konkorrean bildu egin dira gizakion
zorigaitz guzti-guztiak. Ahab kapitainak ez zuen lortu
balea hiltzea. Ez zuen lortu gaizkiarekin akabatzea. Eta orain,
berriro dator eta guri egokitu zaigu Ahab kapitainaren lana
bukatzea... Kafeari azken zurrutada eman, ordaindu, beste zigarro
bat piztu eta, taberna abandonatu zuen, begirada zerumugan
galdua...

-------------------------------------------------------------------------------------

Hemen Iñigo Astizek Berrian argitaratutako informazioa:


70eko hamarkadako Erroman kokatu du Fertxu Izquierdok bere lehen eleberria, zinema eta errealitatea lotuz

1972an heldu zen Bruce Lee Erromara, bere hirugarren filma zen The Way of the Dragon grabatzera. Chuck Norris borrokalari estatubatuarraren eta Leeren Koliseo aurreko norgehiagokarekin bukatzen da filma, borroka arteen zaleek mendeko borroka deitzen dutenarekin, eta hori hartu du Fertxu Izquierdok Pamiela argitaletxearekin atera duen bere lehen eleberriaren izenburutzat: Mendeko borroka (Assalto a Roma).

Ez da hori liburuan kontatzen den borroka bakarra, ordea, beste gatazka bat azaltzeko erabiltzen baita Leeren eta Norrisen artekoa: Italian 70eko hamarkadan izandakoa, hain zuzen ere: «faxismotik datorren gizarte baten eta gizarte justuago baten alde lanean dabilen jendearen arteko borroka». Boterea lortzera hel zitekeen alderdi komunista Italian (PCI), Izquierdoren iritziz, «estoldetako borrokengatik» izan ez balitz, eta gertaera horiek hartu nahi izan ditut abiapuntutzat.

Iruñea Hiria bekari esker idatzi ahal izan du Izquierdok liburua, eta laguntza horri esker joan da Erromara ere. Hilabete egin zuen han, kokapenak zehaztu, eta istorioa borobiltzen. «Erroma gustuko nuen, eta erakargarria iruditzen zitzaidan han trama bat kokatzea, eta sinpatikoa egiten zitzaidan gertaera serioak film horren inguruan lotzea». Pamiela argitaletxeko Pello Eltzaburuk liburuaren aurkezpenean azaldu duenez, «kontakizunaren alde guztietan ageri da Erroma».

Erroma erreala, eta zinematografikoa. Zinema eta errealitatea, fantasia eta historia etengabe elkar gurutzatzen baitira Izquierdoren eleberrian.

Felliniren filmei eginiko keinuak, italiar kantagintza, gertakari historikoak, literatura, kantagintza... eta gastronomia hori guztia bilduz, mahaiaren edo Italiako jakiren baten inguruan garatzen baitira kontakizun guztiak. Hori da eleberriaren egitura ere, menu moduko bat, atalez atal; Antipasto, Primo Piatto, Secondo Piatto eta Contono.

Pertsonaia askoren bitartez garatzen da kontakizuna, bestalde, eta, horregatik, eleberri «korala» dela azaldu du Iñaki Azkona Iruñeko euskara teknikariak liburuaren aurkezpenean. Errealak dira haietako batzuk, asmatuak besteak.

Bruce Lee, Chuck Norris, eta Nora Miao aktoreez gainera, Junio Valerio Borghese militar eta faxista, Giuseppe Pinelli anarkista, Carla Capponi Italiako Alderdi Komunistako (PCI) kidea dira horietako batzuk. Moby Dick eleberriarekin obsesionatutako Giovanni Mucci izeneko pertsonaia asmatua da, ordea, partisano zaharren eta 70eko hamarkadako borrokak lotzen dituena.

Ekintza nagusi

Euskaraz gehiegi landu ez den genero baten barruan kokatzen du Mendeko borroka Azkonak; eleberri beltzarenean. Berezitasunak berezitasun, halere, « eleberri historiko» eta «fantastiko» gisa ere deskribatzez gainera, «akzio eleberri» gisa ere deskribatu baitu, gertaera batetik bestera egiten saltoka dabilelako etengabe istorioa.

Abiada biziz, gainera. 231 orri, eta 85 kontakizun, lau orritik beherakoak gehienak. «Eszena labur eta ugariak dira», azaldu du Azkonak, «eta oso espazio gutxirekin giro oso baten berri eman behar dutenak, horregatik, zertzelada inpresionistak dira kasik, irakurlea etengabe irudietara daramatenak».

Liburu «berezia» eta «sorpresaz betea» dela azaldu du Pello Eltzaburu Pamiela argitaletxeko kideak. «Baita atipikoa ere, guretzat, eta, horregatik, berezitasun hori azaletik hasita agertzea erabaki genuen, diseinuarekin saileko liburuen estiloarekin hautsiz».

-------------------------------------------------------------------------------------

Eta azkenik, kuriositate moduan, frikiak zaretenontzat edota denbora galtzeko aukera duzuenontzat, bideo bat, The way of the dragon filmaren azken irudiak, liburuan agertzen den Bruce Leeren eta Chuck Norrisen arteko borroka Koliseoan, "mendeko borroka" delako hori:



Beste egunen batean gehiago...

2 comentarios:

gaRi* dijo...

prentsako kritiketan agertzeko lagun guaiak eduki behar dituk... ;-)

besarkada gorriak!

Anónimo dijo...

EZ KEXATU HAINBESTE !! ZE O ZERTAN AGERTU ZARA ETA, JODIO !!!