Joan den astean Txalapartako lagunek jakinarazi zidaten Paco Ignacio Taibo IIk Iruñea bisitatuko zuela. Honek zirrara berezi bat eragin zidan, PIT IIk nire erreferente handienetako bat delako aspalditik. Sarritan bi erreferente, bi eragin edota bi idazle kuttunenak aipatzen ditut: Ursula K. Le Guin eta Paco Ignacio Taibo II. Ursula, zoritxarrez, 2018an hil zen Kalifornian, beraz, ezinezkoa zen bera ezagutzea eta are gutxiago elkarrizketa egitea. Paco bizirik dago eta Iruñean egon behar zen.
![]() |
Nire etxeko "Taiboteka" |
Beraz, hitzaldira hurbildu nintzen eta oso gustora entzun nuen Pacok eta Fernando Floresek esandakoak. Bakoitzaren esperientziak ezagutu genituen, irakurtzeko eskubidea defendatu bitartean.
Hitzaldi atsegina bezain interesgarria eta anekdota ezberdinen artean barre batzuk botatzeko aukera ere izan genuen.Ondoren Paco Eguzki irratian elkarrizketatzeko aukera izan nuen eta hurrengo egunean irratiko estudioetan elkartu ginen. Ordu erdi luzeko solasalditxo hori opari handi bat izan zen niretzat eta gaur egun, Paco Mexicoko Fondo de Cultura Económicako zuzendaria bada ere, ohi bezain hurbila iruditu zitzaidan, ohi bezain subertsiboa, ohi bezain interesgarria.
Elkarrizketa hemen entzun daiteke, Eguzki irratiko Pasealeku magazinean, 45. minututik aurrera.
Une batez Olga Lavanderos kazetaria bihurtu nintzen, edota Jose Daniel Fierro Santa Anako udaltzain gorrien buruan, Sandokan anti-imperialista, edo Hector Belaskoaran detektibe irlandar-euskalduna Pacoren bizitza aztertzen...
Primizia bezala esan daiteke Pacok nobela berri bat idatzita duela esan zigula, beraz, noiz argitaratuko zain geratzen gara, laster izanen delakoan.
Plazer handi bat Paco eta mila esker aunitz Txalapartako lagunei.